Uda gero eta hurbilago dago eta udalak dagoeneko aurkeztu du aurtengo udalekuen programa. Uztailaren 3tik 21era bitartean burutuko da eta izena emateko epea apirilaren 19ra arte egongo da zabalik. Aurreko edizioan bezala, hiru esparrutan banatuta egongo da eta eskaintza 4 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako zuzenduko da. Guztira 179 plaza egongo dira eta aisialdi eta denbora libreko eskaintza zabalaz gozatzeko aukera izango da.

Adinaren arabera, Txiki Txoko ekimena antolatu da Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailako ikasleentzat, gehienez 45 plaza eskuragarrirekin. Uztailaren 3tik 21era luzatuko da, astelehenetik ostiralera, 9:30etatik 13:30etara. Egun eta ordu berberetan, LHko ikasleentzat, 90 plazarekin, Kirol Udalekuak Euskaraz jarduera planteatzen da. Bestalde, DBHko ikasleek zazpi gau eta zortzi egunez Uda Gazte Ibilitaria esperientzia bizi ahal izango dute, 44 plaza eskuragarrirekin, bi multzotan bananduta.

Izen-emateak eta informazio guztia www.berriz.eus.