Klimaren neutraltasuna lortzeko ahaleginean, 62 ekintzaz osatutako ibilbide-orria jarri du martxan Gernikak. Ibilbide-orri horretan, energia-eraginkortasuneko ekimenak aplikatuz, energia berriztagarriak ezarriz eta klima-aldaketarekiko erresilientzia handituz, aurreztera bideratutako berariazko estrategiak jasotzen dira.
Ibilbide-orri hori Klima Aldaketa Arintzeko eta horretara Egokitzeko Plan Integratua (KAAEPI) da. Berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko nazioartean eta autonomia-erkidegoan ezarritako helburuekin bat egiteko erabiliko du Gernikako Udalak, eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuarekin bat dator.
Ekintza Plana egin aurretik, 2022an, Gernikako Udalerriaren abiatze-egoera hiru eremutan deskribatzeko diagnostikoa egin zen:
- Gernikako Udalaren energia-kontabilitatea eta karbono-aztarna.
- Udalerriko arintze-diagnostikoa.
- Gernika-Lumoko egokitzapen-diagnostikoa.
Gainera, plana egiteko, herriak parte hartzeko prozesua antolatu da, herritarren parte-hartzea bultzatzeko, ideiak trukatzeko eta interesa duten elkarte, erakunde eta eragileen ekarpenak jasotzeko. Dokumentua martxoaren 19ra arte egongo da zabalik Udalaren web orrian, herritarrek parte hartu dezaten.
Planak 5 helburu proposatzen ditu
- 2030erako, udalerriko BEGen emisioak erreferentzia-urtearekiko gutxienez %55 murriztea.
- Udal eraikinek kontsumitzen duten energiaren (elektrikoa eta termikoa) %32 gutxienez jatorri berriztagarritik ekoitziko dela ziurtatzea.
- Administrazio publikoaren energia-kontsumoa gutxienez %35 murriztea.
- Udal-eraikinen %40k B energia-kalifikazioa izango dutela bermatzea.
- Klima-aldaketak eragindako arriskuak murriztea eta udalerriaren eta biztanleriaren erresilientzia bermatzea.
Helburu horiek lortzeko, planak guztira 62 ekintza proposatzen ditu, 16 programatan egituratuak, eta 7 ildo estrategikotatik datozenak.
- Ereduzko administrazio publikoa: besteak beste, udal-eraikinetako argiztapen-sistemak eta kaleetako argiteria hobetzeko ekintzak, edo %100 elektrikoa den hiri-garraio kolektiboaren aldeko apustua.
- Bidezkoa eta jasangarria den energia-eredu bateranzko trantsizioa: ekintzen artean, hauek nabarmentzen dira: hiri-garapen berrietan energia-eraginkortasuneko irizpideak sartzea, eraikin pribatuen birgaitze energetikoa bultzatzea, edo tokiko energia-komunitateak sustatzea.
- Emisiorik gabeko mugikortasun jasangarria sustatzea: Mugikortasun Jasangarriko Plana idaztea, bizikleta-bide berriak irekitzea eta hiri-espazioak oinezkoentzat moldatzea.
- Hondakin gutxiago sortzea eta haien kudeaketa birziklapenaren bidez optimizatzea.
- Uraren ziklo osoa optimizatzea: uraren kudeaketaren eta erabileraren eraginkortasuna bermatzeko programak ezarriko dira eta uholdeen arriskua murrizteko konponbideak gauzatuko dira.
- Hiriko natur ingurunea zaintzea eta hiri-bilbe erresilientea sustatzea: hirigintzako plangintzan eta eraikuntzari buruzko araudian klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta horretara egokitzeko irizpideak integratuko dira, ekosistema narriatuak lehengoratzea sustatuko da eta klima-aldaketaren aurrean kalteberak diren bertako espezieak babestuko dira, besteak beste.
- Klima-aldaketaren inguruko erresilientzia eta sentsibilizazioa eta kontsumo-ohitura arduratsuak: udaleko larrialdi-plana eguneratuko da, arrisku klimatikoak eta mehatxu klimatikoei aurre egiteko abisu-sistemak sartuz, eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko eta horretara egokitzeko kontzientziazio-programak garatuko dira hainbat arlotan.