Astelehen honetan, irailaren 23an, hurrengo urteetan inklusioaren, aniztasunaren eta bizikidetzaren arloko foru-politikaren artdatz izango den ibilbide-orria aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Aniztasunaren eta Gizarte Kohesioaren II. Plan hau Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko sailak sustatzen du.

Dokumentuan bi fase planteatzen dira: lehen fasea, 2027ra arte, eta bigarrena, 2030ra arte, xedetzat hartuta inklusiboagoa, ekitatiboagoa eta kohesionatuagoa den Bizkaia sendotzea. Dokumentua Aldundiaren tresna nagusia da aniztasunaren kudeaketa positiboan aurrera egiteko.

Aurkezpenean, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Kohesioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak esparru berri horren izaera politikoa eta eraldatzailea azpimarratu zuen. «Gaur hemen gaude Bizkaiko Aniztasunaren eta Gizarte Kohesioaren II. Plana aurkezteko. Tresna politiko horrek, jarraipena ematen dio aurreko legegintzaldian hasitako lanari, eta, gainera, indartu eta etorkizunerantz proiektatzen du, ikuspegi handinahia eta eraldatzailea, berdintasunarekin, justizia sozialarekin eta giza eskubideekin konprometitzen dena hartuta».

Eta erantsi zuen Bizkaia lur askotarikoa, plurala eta bizia dela. Bere giza aberastasuna onartzen duenean eta pertsonan guztien duintasunaren alde egiten duenean, aurrera egiten duen gizartea dela. Uste sendo horretatik abiatuta, plan hau apustu politiko sendoa da Bizkaia inklusiboagoa, ekitatiboagoa eta kohesionatuagoa izan dadin.

Horrez gainera, Laespadak nabarmendu zuen aniztasuna ez dela kudeatu beharreko arazo bat, gizarte gisa aberasten gaituen balio kolektiboa baizik. Horregatik, esan zuenez, plan hau ez da mugatzen desberdintasuna administratzera; desberdintasuna gizartea eraldatzeko eragilea dela aldarrikatzen du. Adierazi zuen politika ausarten aldeko apustua egiten dutela, gutxienekoarekin konformatzen ez diren politiken aldekoa; egiturazko desberdintasunak konpondu, diskriminazioari aurre egin eta pertsona guztien parte-hartze aktiboa sustatu nahi duten politikak behar dira.

Esperientzian eta parte-hartzean oinarritutako estrategia

II. Plana lehenengoarekin ikasitakoaren gainean eraiki da; izan ere, lehenengo plan horrek jauzi kualitatiboa ekarri zuen aniztasunaren aldeko politiken instituzionalizazioan. Lau ekintza-ardatz handiren inguruan egituratzen da: Ezagutu eta aintzatetsi, aniztasuna aberastasun gisa ikusarazteko eta ezagutza partekatua sortzeko; Berba egin, elkarrizketa soziala eta entitateen parte-hartze aktiboa sustatzeko; SAREtu, sare komunitarioak eta erakundeen arteko lankidetza indartzeko; eta Egin, inklusioa sustatzen duten eta diskriminazioari aurre egiten dioten proiektu zehatzei laguntza emateko.

Planteamendu horrek zeharkako bi ikuspegi ditu: intersekzionala, zeinak desberdintasunak ulertzea ahalbidetzen baitu, haien konplexutasuna aintzat hartuta, eta komunitarioa, zeinak ekintza eguneroko harreman-ingurunean, auzoetan eta bizitzari eusten dioten loturetan kokatzen baitu.

2022tik 2024ra bitartean, Aldundiak 229 proiektu finantzatu zituen, eta guztira 2,6 milioi euroko inbertsioa egin zuen; urtean, batez beste, 56 entitatek jaso zuten laguntza. Aldi horretan bertan, Elkarrizketarako eta Partaidetzarako Mahai Iraunkorra sortu zen, eta administrazioaren eta gizarte-erakundeen arteko harremana indartu duten lan-batzordeak eratu ziren. Horrez gainera, Goihabe programa bultzatu zen, eta nazioarteko babesa eskatu duten 300 familiari baino gehiagori eman die laguntza; eta ZAS Zurrumurruen Aurkako Euskal Sarea sustatu da, diskriminazioari aurre egiteko funtsezko eragile gisa.

Gobernantza partekatua eta Europako konpromisoa

Planaren gobernantzaren oinarria mahai iraunkor hori eta beste foru-sail batzuekin egingo den zeharkako lan-dinamika izango dira, erakundeen baliabideak auzoek eta udalerriek dituzten premia zehatzekin lotzeko hartutako konpromisoaren ildotik. Helburua da gizarte- eta komunitate-sarea indartzea, eta ulertzea ezinbestekoa dela aliantza egonkor eta iraunkorrak eraikitzea aniztasuna eraginkortasunez kudeatu nahi bada.

II. Plan hau ekainaren 6ko 60/2024 Foru Dekretuan ezarritako eskumen-esparruan sartzen da, eta bat dator berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren arloko Europako eta estatuko araudietan ezarritakoarekin (2000/43/EE eta 2000/78/EE zuzentarauak; 4/2023 Legea). Haren bidez, Bizkaiak indartu egiten du aniztasunaren kudeaketa inklusiboaren eta diskriminazio-modu guztien aurkako borrokaren arloko nazioarteko jardunbide onenekin bat egiteko konpromisoa.

Plan berri horrekin batera, Aldundia «Intersekzionalitaterantz. Hausnarketarako eta ekintzarako gida» prestatu du; jarraibideak ematen ditu politika publikoak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzen direnean ikuspegi hori aplikatzeko. Gida 2025aren amaieran argitaratuko da, eta estrategia nagusiaren tresna osagarri gisa planteatzen da.