Síguenos en redes sociales:

Merkataritza-jarduera sustatzeko bi pantaila instalatu ditu Etxebarrik

Tokiko merkataritza-jarduera sustatzeko kanpoko bi pantaila instalatu egin ditu Etxebarriko Udalak. Horretarako 17.626 euroko aurrekontua (BEZ gabe) bideratuko du, Pantallea Studio SL enpresa espeipenduna delarik. Pantailetako bat udaletxeko plazan egongo da, eta bestea, aldiz, Santa Marina Kalean kokatuko da.

Informazio-sistema berritzaile eta teknologiko baten bidez, bezero potentzialak erakartzeko, tokiko produktu, saltoki eta zerbitzuei buruzko interesa eta jakin-mina pizteko, eta bisitariari informazio eguneratua emateko, bai udalerriari buruz, bai hura osatzen duen enpresa-sareari buruz erabiliko dira pantailak. Horrela, irtenbide eraginkor eta efizientea bilatu da, bai Etxebarriko elkarteentzat, bai herritarrentzat, udalerriko merkataritza-guneak digitalizatzearen aldeko apustuan.

Merkataritzaren eraldaketa digitalerako GO!! EtxeMarket proiektuaren barruko jarduera hori Europar Batasunaren – Next Generation EB – funtsekin batera finantzatuko da, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren bitartez.

Kanpoko pantaila horiek jarrita, egoiliarrek eta bisitariek Etxebarriko merkataritza-jarduerari buruzko informazioa lortuko dute modu erraz eta intuitiboan. Horrelako merkataritza-aplikazioek ikusgarritasun handia dute, eta, kokapen estrategikoari eta diseinuari esker, erabiltzaileen arreta bereganatuko dute. Hala, udalerriko merkataritza-sektoreari beste aukera bat emango diote ikusarazteko eta, aldi berean, Etxebarriko Udalaren informazio instituzionala helarazteko, Europar Batasunaren (EB) esparrua betetzeari eta garapen jasangarriko helburuei (GJH) jarraikiz.