Abadiñoko Udalak 19.600 euro gordinera igoko du eraikinen garbiketako langileen oinarrizko soldata. Horrela adierazi egin du gobernu-taldeak, zeinak, horrez gain, bere administrazio-pleguetan, lanpostu hutsak Udalak antolatutako hautaketa-prozesuen ondoren lortutako enplegu-zerrendetan dauden pertsonekin betetzeari lehentasuna emateko klausula sartzeko konpromisoa hartu du.
Izan ere, kontuan hartuta joan den urtearen amaieran higiezinen garbiketako langileek egindako aldarrikapenak bat datozela Udalak soldata duinak bermatzeko duen borondatearekin, gobernu-taldeak % 20,09ko igoera proposatu zuen eraikinen garbiketa-zerbitzua ordaintzeko 2023ko aurrekontuaren partidan.
Hasierako neurri horrekin, emakumezko langileen oinarrizko soldata 19.600 eurora iritsi arte igotzea ahalbidetuko zuen akordioa lantzen jarraitu gura zen, hileko 1.400 euro gordinen erreklamazioaren ildotik. Oinarrizko soldata hori langile bakoitzari dagozkionantzinatasunarekin eta plusekin osatzen da.
Bestalde, Udalak klausula berri bat sartu nahi du bere administrazio-pleguetan, lanpostu hutsak Udalak antolatutako hautaketa-prozesuen ondoren lortutako enplegu-zerrendetan dauden pertsonek betetzea ahalbidetzeko.
“Klausula hori sartzea aurrerapauso handia da administrazio publikoek lana lortzeko eskaintzen duten aukera hobetzeko, eta berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak gehiago errespetatzea ahalbidetzen du. Eraikinen garbiketari dagokionez, uste dugu proposatutako igoerak bete egiten dituela langileek egindako azken aldarrikapenak, Udalaren aurrekontu-egonkortasuna arriskuan jarri barik. Soldata duinak finkatzeko lan egin behar dugu, are gehiago, emakumeak gehiengoa diren lanetan”, azaldu du Mikel Garaizabal alkateak.
Subrogatu daitezkeen langileak dituzten zerbitzuetan lanpostu hutsak betetzeari buruzko klausularen arabera, bajak betetzeko edo/eta zerbitzu-orduak handitzeko, lehenik eta behin, lanaldiaren % 100a ez duten langileei eskaini beharko zaie –betiere zerbitzuak horretarako aukera ematen badu–, eta, bigarrenik, Udalaren enplegu-zerrendetara joan beharko da, lanpostuaren tipologia kontuan hartuta.