The quiet girl, Till, el crimen que lo cambió todo, Ellas hablan eta Asterix y Obelix y el reino medio izango dira datorren astean Ermua Antzokian proiektatuko diren lau titulu berrien izenak. Hala, hiru dramaz eta abenturazko komedia batez disfrutatu ahal izango dute ermuarrek datorren ostegunetik igandera bitartean.

Programazioa ostegunean hasiko da zineklubaren saioarekin, iluntzeko zortzi eta erdietan The quiet girl filma eskainiko da jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpitituluekin. Ekoizpen irlandarra da, Colm Bairéad zuzendutakoa, Claie Kewganen istorio baten oinarrituriko gidoi propio eta egokitu baten gainean. Irlanda, 1981ean. Cáit bederatzi urteko neskato erreserbatua da, familia pobre eta zabal batean inolako arretarik gabe dagoena. Eskolan eta etxean dituen zailtasunei isilean aurre egiten diena, ingurukoentzat oharkabean pasatzen ikasi du. Nazioarteko film onenaren Oscar sarirako izendatua. BAFTA sariak jaso ditu; Europako zinemarenak; Berlingo eta Valladolideko zinemaldienak.

Zine komertzialaren atalean, larunbat arratseko zazpi eta erdietan eta astelehenean iluntzeko zortzi eta erdietan, hurrenez hurren, 50eko hamarkadako arrazakeria jorratzen duen zinta ikusi ahal izango dugu, benetako gertaera batetik abiatuta. Till, el crimen que lo cambió todo tituluko drama da. Chinonye Chukwuk zuzendutako ekoizpen iparramerikarra, 130 minutu irauten duena. Filmak Emmett Louis Tillen istorioa komtatzen du, eta bere amak erahildako semearentzat justizia bila jazandakoak. Protagonista emakumezko aktore onenaren sarirako izendatuta egon da BAFTA sarietan.

Bigarren proposamen komertziala Ellas hablan da, Sarah Polley zuzendariaren beste ekoizpen iparramerikar bat, 104 minutu irauten duena. Sexu-abusuak lantzen dituen benetako gertakari batean oinarrituta dago. Emakume talde bat, Boliviaren erdian isolatutako kolonia erlijioso batean, beren fedearekin adiskidetzeko borrokan ari dira, koloniako gizonek egindako sexu-eraso batzuen ondoren. Film onenaren eta egokitutako gidoi onenaren Oscar sarirako izendatua, baita Urrezko Globoetarako ere. Larunbat gaueko 10etan eta igande arratsaldeko zazpi eta erdietan ikusi ahal izango dugu.

Azkenik, Asterix y Obelix y el reino medio lana proiektatuko dugu igande arratsaldeko 5etan. Guillaume Canetek zuzendutako ekoizpen frantsesa, 111 minutu irauten duena. Abenturazko komedia bat da, aurten bertan estreinatu dena. K.a. 50. urtean, Txinako enperatriza espetxeratu egin zuten, Dang Sin Kuing printze traidoreak estatu-kolpea eman ondoren. Enperatrizaren alaba bakarrak, Fo Yong printzesak, Galiara ihes egiten du, Asterix eta Obelix gudari ausartei laguntza eskatzera, zeinek beren edabe magikoari esker gizagaindiko indarra baitute.