Ugao Miraballesko Udalak herrian dauden edukiontzi guztiak, 70 inguru, berrituko ditu datozen egunetan. Guztira hondakin organikoko 14, paperezko eta kartoizko 12 eta errefusako 43 edukiontzi ordezkatuko dira.

Aipatu behar da hondakin organikoko edukiontziek txartel baten bidez funtzionatuko dutela. Txartela edukiontzi horiek jarri baino bi egun lehenago (datorren astean ipintzea aurreikusten da) udalerriko etxebizitza guztietan banatuko da, edukiontzi berria erabili ahal izateko. Era berean, beste informazio orri bat postontziratuko da, eta bertan, QR kode baten bidez, aplikazio bat deskargatzeko aukera emango da. Horrela, hondakin organikoen edukiontzia ere ireki ahal izango da, txartela erabili beharrik gabe.

Lurpeko edukiontzien ordez alboko kargako edukiontziak jartzea

Bestalde, Nerbioi Ibaizabal Mankomunitateko etxeko hondakinak biltzeko zerbitzu berriak , bere garaian , eskualde osorako sistema bateratu bat ezartzearen aldeko apustua egin zuen. Ildo horretan, lurpeko edukiontziak dituzten udalerriek (Ugao-Miraballes, Orozko eta Arrankudiaga) edukiontziak kentzen hasi behar dute, albotik kargatzeko edukiontziekin ordezkatzeko. Ugao Miraballesen kasuan, aldaketa hori egun hauetan egiten ari dira.

Aldaketa honekin sistema eraginkorragoa lortuko da, azkarragoa, pertsonei eta trafikoari gutxiago eragingo diena. Zerbitzu merkeagoa izango da, eta zarata gutxiago sortuko du bilketan.

Bederatzi udalerrietan sistema bakarra edukitzeak , bai udalerrientzat, bai bizilagunentzat , aurrezpen ekonomiko handia dakar . Zerbitzua merkeagoa izatea eragiten duten faktore guztien artean, ibilgailu gutxiago erosiko direla nabarmentzen da, besteak beste. Gainera, Ugao Miraballesek ez ditu lurpeko edukiontziak auzo guztietan, eta, beraz, ez ditu bi sistemak mantendu behar izango, eta hortaz, ez ditu bi ibilgailu mota eduki behar izango hondakinak biltzeko. Horrela, zerbitzu garestiagoa izango zen, eta, beraz, eragin nabar mena izango zuen zaborren tasan.

Gogoratu behar da lurpeko edukiontziak oso kaltetuta zeudela, eta, beraz, inbertsio handia egin behar zela behar bezala funtzionatzeko.

Lurpeko edukiontziak kendu ondoren, Udalak urbanizazio obrak egingo ditu, asfaltoa eta eragindako espaloiak txukuntzeko.