Ugao-Miraballesko Udalak egitarau zabala eta berezia prestatu egin du hiribildua sortu zeneko 648. urteurrena ospatzeko. Guztira adin guztiei zuzendutako hamabost jarduera egingo dira martxoaren 3tik 4ra bitartean.
Jaiei hasiera emateko, martxoaren 3an, ostirala, XVIII. Haur Marrazketa Lehiaketako marrazki irabazleen erakusketaz gozatu ahal izango da. Sari banaketa larunbatean izango da, hilaren 4an. Arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera, Jane Jauregian, Iñaki Garcia Uriberen eskutik, “Miravallesko 1go telefono-zentralaren” hitzaldia izango da. Jarraian, Jane Jauregian bertan, Ernesto Fernández Valeriok “Gila Ugaon, XXI. mendean” izeneko bakarrizketa eskainiko du.
Hurrengo egunean, martxoaren 4an, larunbata, ohiko lehiaketa gastronomikoa izango dugu, aurten modu presentzialean egingo dena. Babarrun Lehiaketan parte hartu nahi dutenek eta oraindik izena eman ez dutenek 9:00etatik 10:30etara eman ahal izango dute izena Herriaren Enparantzan. 12:30etan Jane Jauregiko balkoian XVIII. Haurrentzako Marrazki Lehiaketaren sari banaketa egingo da.
14:00etan, herri bazkariaren aurretik, lehiaketan izena eman duten babarrun lapikoen aurkezpena egingo da eta bazkariaren ondoren babarrun onenen sariak banatuko dira (17:00etan, Jane Jauregiko balkoitik).
17:30ean haurrentzako ipuin kontaketa antolatu da Jane Jauregiko atikoan, “Printzesen bizitza sekretua” izenekoa. Eta helduentzat 18:00etan hasiko da Santiagoko tarta egiteko tailerra, Gaztelekuan.
Gainera, egun osoan zehar Ugao-Miraballesko kaleak giro ederra biziko dute Xaribai (13:00) taldearen eta “Pertsonaia Fantastikoak” (18:00) izeneko kalejirei esker.
Ospakizunari amaiera emateko, 20:00etatik aurrera, Herriaren Enparantzan “Su Danborrak” ikuskizuna izango da, musika eta piroteknia uztartzen dituen kale-ikuskizun ibiltaria, Deabru Beltzak antzerki konpainiaren eskutik.
Era berean, gogoratu behar da Jane Jauregiko hallean “Miravallesko 1. Telefono zentralaren dokumentazioa eta materiala” izeneko erakusketa ikusgai egongo dela martxoaren 3tik 12ra.