Ekintzaz betetako Inauteriak ospatuko ditu Plentziak
Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta azken edizioak bertan behera utzi edota murrizketekin ospatu behar izan ondoren, normaltasun osoa berreskuratuko du Plentziako Udalak aurtengo Inauterietan. Horretarako, programazio berezia prestatu egin du Udalak. Jaiak datorren larunbatean, otsailak 25, hasiko dira, eta aurtengo gaia "fantasia" izango da.
Horrela, Udalak eta Jai Batzordeak askotariko jarduera programa prestatu dute, jende guztiari zuzendua, pandemiaren ondorioz azken urte bietan izan diren murrizketak atzean utzita. “Herri osoa Plentziako Inauterietako protagonista sentitzea, eta egun osoan zehar egingo diren jardueretan parte hartzeko aukera izatea gura dugu. Are gehiago, gazteak inplikatzea eta jai egun hau eurena bilakatzea gura dugu”, adierazi du Elixabete Uribarri Plentziako alkateak.
12:00etan, umeentzako jolasek emango diete hasiera Inauteriei. Elizako plazan izango dira, 14:30ak arte, eta, ordu berean, gazteen poteoa hasiko da portuan. 12:30etik 13:00etara bitartean, elizako plazan lehiaketarako tostadak aurkezteko garaia izango da. Ohi bezala, 14:30ean deitu dituzte gazteak euren ohiko bazkarira.
Arratsaldean, 18:00etan, Kaskarratonen aurkezpena izango da Ontziolan, eta, ondoren, Inauterietako pregoia irakurriko da eta Tostada Lehiaketaren sari banaketa izango da. Jaiak 18:30ean jarraituko du, Ontziolatik pilotalekuraino joango den kalejirarekin, Orkestra Elektrotxarangaren eskutik, 19:00etan disko festa egongo dapilotalekuan eta eguna amaitzeko, 23:00etatik aurrera, Oinutsik Erromeriak erritmo biziz beteko du Ontziola.
Nor da Kaskarraton?
Plentziako Udalak eta Jai Batzordeak gero eta Inauteri parte-hartzaileagoak bultzatu gura dituzte, eta horretarako, duela urte batzuetatik kuadrilla bateko kide bat aukeratzen da Kaskarraton antzezteko, “jai hauetako protagonista. Pertsona hori arduratuko da pregoia irakurtzeaz eta kalejira pilotalekuraino gidatzeaz,disko-festari hasiera emateko”, adierazi dute Jai Batzordetik.
Tostada Lehiaketa
Inauterietako gastronomia tipikoak ere bere protagonismoa izango du otsailaren 25ean, parte hartu gura duten plentziar eta bisitari guztiei irekita egongo den ohiko Tostada Lehiaketarekin. Parte hartzeko oinarriak oso errazak dira: pertsona bakoitzak bi tostada aurkeztu ahal izango ditu elizako plazan 12:30etik 13:00etara eta ogizkoak edo kremazkoak izan daitezke. Arratsaldean izango da sari banaketa, 18:00etatik aurrera eta pregoiaren ondoren.