Abadiñok bizikidetza-unitateetan banatutako 120 plaza izango dituen egoitza-zentro berri batekin kontatuko du. Unitate bakoitzean 25 pertsona biziko dira gehienez Bizkaiko Foru Aldundiak eraikiko duen zentro berrian.
Egoitza-eredu berriaren helburuak dira arreta pertsonalizatuagoa ematea, egoitza komunitatera zabalik egotea, eta laguntza behar duten pertsonen beharrizanak, nahiak eta itxaropenak betetzea, aldi berean haien eskubideak eta nortasun biografikoan errespetatzen direla.
Durangaldean dagoeneko badaude horrelako beste hiru egoitza, Elorrion, Otxandion eta Durangon. Horrela, mendetasunean dauden adinekoen egungo eta etorkizuneko beharrizanak aseko dira, Gizarte Ekintzako foru diputatu Sergio Murillok esan duen bezala: Egoitza-sarea eraldatzen ari gara laguntza behar duten pertsonei erantzun pertsonalizatua emateko. Halaber, egungo eta etorkizuneko beharrizanak aintzat hartuta, gizarte-azpiegituren sare egokia eta orekatua sortzen ari gara.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu Elixabete Etxanobek goraipatu egin du Abadiñoko Udalarekin azpiegitura berria laster abian jartzeko ezarri den lankidetza: Urrats sendoak ematen jarraitzen dugu iraupen luzeko zaintza behar duten Bizkaiko adinekoen ongizatearen alde. Eskerrak eman nahi dizkiot Abadiñoko Udalari egoitza berria 2027rako amaituta egoteko lan egiteko prest egoteagatik. Batera lan egingo dugu denok nahi dugun helburu bat lortzeko: Durangaldeko pertsonen bizimodua hobea izatea.
Abadiñoko alkate Mikel Garaizabalek esan duenez, erakundeen arteko lankidetzari esker abian ipini ahal izan dugu Abadiñorentzat estrategikoa den proiektu hau. Oso pozik gaude udalerrian azpiegitura berria edukiko dugulako, bai eta horren alde egiten lagundu ahal dugulako ere. Abadiñoko adinekoen onura Udalaren lehentasuna da, eta horregatik buru-belarri lan egiten dugu arloko eskumenak dauzkaten administrazioekin haien bizi-kalitatea hobetzeko eta beren beharrizan guztiak asetzeko.
Egoitza berria Azpiegiturak sozietate publikoak eraikiko du; guztira inbertsioa 17 milioi eurotik gorakoa izango da. Proiektu honen zati bat Next Generation EU funtsarekin finantzatuko da, Estatuko Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.