Síguenos en redes sociales:

Durangok Tour Eguna ospatuko du igandean

Bizkaiak Frantziako Tourraren hasieran izango duen protagonismoa dela eta, Durangok egun berezia biziko du igande honetan, otsailak 12, Tour Eguna delakoaren ospakizunarekin. Hala, egun osoan zehar, txirrindularitzarekin erlazionatutako hainbat ekintza egingo dira udalerrian.

Bizkaia protagonista nabarmena izango da Frantziako Tourraren hasieran, izan ere, 250 kilometro baino gehiagoz, lurraldeko hainbat eskualde eta udalerri zeharkatuko ditu. Hori aukera izugarria izango da Bizkaia eta Euskadi mundu mailan ezagutzera emateko eta txirrindularitzaren onenaz gozatzeko, bai eta herritarren artean bizikleta erabiltzea sustatzeko ere. Horri lotuta, Aldundiak ekimen horrekin lortu nahi duena da eguneroko joan-etorrietan bizikleta erabiltzea sustatzea

Horretarako, Tour Eguna ospatzeko prestatutako gunean honako jarduera hauek egingo dira:

  • Hezkuntza-ikasgela bat, non, jolasaren bidez eta Maxoo Tourreko maskota ofizialaren eskutik, txirrindularitzan, bizikletaren ezagutzan eta 14 urtera arteko neska-mutilen oinarrizko arauen ezagutzan sakontzen den.
  • Bide-segurtasuneko gela bat, non modu seguruan bizikletan ibiltzen ikasteko, arauak jokoen bidez ezagutzeko, ekipamendu egokia erabiltzeko eta bizikletaz ibiltzean behar bezala jokatzeko jardungo den. 
  • Lantegi-gune bat, bizikleta mantentzeari eta konpontzeari buruzko oinarrizko nozioak ikasteko, bai eta lapurretak saihesteko babesari buruzkoak ere.
  • Bizikletak aukeratzeko eta probatzeko gune bat, non pertsona espezializatu batek erabiltzaile bakoitzarentzat egokiena den bizikleta motari eta tailari buruzko aholkuak ematen dituen, dauden moten arteko zalantzak argituz; hiriko bizikletak, errepidekoak, mendikoak, tolesgarriak, elektrikoak.
  • Txirrindularitza eta mugikortasun jasangarria sustatzen duten tokiko klub eta txirrindularientzat gordetako gunea.
  • Hastapenetarako pista bat, espezialistek gainbegiratua, 2 eta 10 urte bitarteko haurrak bizikletaren erabileran ohitu daitezen.
  • Txirrindularitzan hasita dauden 6-14 urteko haurrentzat egokitutako pump track pista.

Era berean, Frantziako Tourraren historiari eta Bizkaiko Tourraren historiari buruzko erakusketak izango dira ikusgai, Vicente Blancok 1910eko edizioan parte hartu zueneko garaira itzuliz.

Datak

Tour Eguna Durangoko Ezkurdi Plazan izango da igande honetan, karpekin eta zirkuituekin. Gainera, oraingoan, txirrindulari martxa txikia egingo da, haurrentzako, eta goizeko hamaiketan abiatuko da.

Hurrengo Tour Egunak: Basauri (otsailak 26), Getxo (martxoak 12), Bilbo (martxoak 26), Barakaldo (apirilak 23), Santurtzi (apirilak 30), Gernika (maiatzak 7), Amorebieta-Etxano (maiatzak 21), Ermua (ekainak 4), Markina (ekainak 18) eta Igorre (ekainak 25).

Tour Eguna Bizkaian hasi zuen bere ibilbidea pasa den abuztuaren 7an, Lekeition, eta ondoren, La Arena (Muskiz eta Zierbena), Sopela, Mungia, Zalla, Leioa, eta Galdakao zeharkatu zituen. Tour Eguna Umeen Gabonetako Parkean ere izan zen, BECean, eta harrera paregabea izan zuen. Stand horietatik 16.492 haur igaro ziren.