ANDRAMARI Zornotzako Ikastolak, familia eta ikasleei euskal hezkuntza eredu kooperatiboa eskaintzen die, kultura orokorra, balio sozialak eta etorkizuneko lanetarako gaitasunak transmitituz. Hezkuntza arloan erronka ez da inoiz erraza: egungo ume eta gazteak etorkizuneko lan-mundu global eta aldakorrerako prestatzea eta heztea. Teoria argia da, garrantzitsuena praktikara eramatea da eta horretarako proiektu pedagogiko-sozial eraldatzaileen aldeko apustua egiten du Andramari Ikastolak. Horren erakusle da joan den abenduaren 19an Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleekin eta hauen aitona-amonekin egindako ekimen hunkigarri eta berezia. “EKI diziplinarteko proiektuaren parte gara, eta programa honen lehen unitatearen jarduera nagusia da gure ikasleek hirugarren adinekoei edo aurreko belaunaldikoei egindako lana erakustea. Unitate hori burutzeko kontuan hartzen dira hainbat ikasgaietako ekarpenak; ingelesen ikasi duten abesti bat, ingurunean aztertutako datuak ezagutzera ematea, ipuin edo olerki batzuk irakurtzea, esaterako. Azken finean, ikasleek jasotzen dituzten konpetentziak eta edukiak plazaratzeko aukera izan zuten. Landutakoaren transmizioa lortzen da, interaktuatzeko aukera emanez. Esperientzia oso polita izan da eta oso aberasgarria”, azaldu zuen Lehen Hezkuntzako arduradunak.

“Gure helburu nagusia ikasle konpetenteak heztea da. Ulermena, adierazpena eta ekintzailetza sustatuz”

Julen Iñurrieta - Andramari Ikastolako Lehen Hezkuntzako arduraduna

Zornotzako Ikastolak 631 ikasle eta 430 familia inguru ditu, eta LHko 5.mailako ikasle guztiek, 53, emanaldi berezia parte hartu zuten. Aiton-amonei dagokionez, 60 bat lagun joan ziren jaialdira. Horietako bat Juan Carlos Ortega izan zen, Nahiaren aitona. “Iritsi ginenean haur guztiak oso adi zeuden gu barrura eramateko, eta gero aurkezpena oso ondo egon zen. Batzuk, beste batzuk baino urduriagoa, baina ikuskizun polita izan zen txikien garapena eta eboluzioa ikusteko. Guk gure iraganeko gauzak erakutsi nahi dizkiegu, eta haiek askoz aurreratuago daude, eta une batzuetan hunkitu ere egin nintzen”. Alde horretatk, ikasten dutena praktikara eramateko aukerarekin, 69 urteko aitonak argi du “horrelako jarduerak abantaila bat dira eta etorkizunean, tokatzen bazaie, aurkezpenak egitera ohituta egongo dira. Pixkanaka hezten ari dira eta prestakuntza handiagoa dute”, defendatu zuen.

Izan ere, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak bultzatutako EKI proiektua ardatz hartuta, Andramari Ikastolako ikasleek esku artean dituzten konpetentziak eta edukiak erakutsi zizkieten aitona-amonei jarduera parte-hartzaile baten bidez. Zentzu horretan, Andramari Ikastolarentzat funtsezkoa da integrazioaren pedagogiak modu ulergarrian eta konpetentziak ahalik eta egoera errealenetara eramatea. “Gure helburu nagusia ikasle konpetenteak heztea da. Argi dago hori garatzeko eta lortzeko ezagutza batzuk garatu eta menderatu behar direla, baina helburua ulermena, adierazpena, komunikazioa, bizikidetza, ekintzailetza sustatzea da. Garrantsituagoa da horrelako balioak eta gaitasunak garatzea, Txinako biztanleria zein den jakitea baino. Datu horiek, gaur egungo mundu globalizatu honetan, modu errazean daude denon eskura, baina jakin behar duguna ezagutzak aukeratzea da, interpretatzea, ulertzea eta komunikatzea. Gaitasun horiek dira gure ikasleak benetan konpetenteak egingo dituztenak”.

Ikasgelan ikasitakoa praktikara eramateaz gain, jardunaldia aitzakia egokia izan zen aitona-amonei egiten duten guztia eskertzeko. “Egungo gizartean familia orok behar du bere aitona-amonen laguntza eta egiten duten guztia eskertzeko modu bat izango zela uste genuen. Orain arte antzeko ekimenak egin ditugu, baina gurasoei edo adin ezberdinetako ikasleei begira. Hau izan da aitona-amonentzat egin dugun lehenengo ekimena eta ez da azkena izango. Oso pozik gaude lortutako emaitzarekin”, laburbildu zuten ikastolatik.

Andramari ikastola

Hezkuntza

Helburua. Andramari Zornotzako Ikastolak, familia eta ikasleei euskal hezkuntza eredu kooperatiboa eskaintzen die, kultura orokorra, balio sozialak eta etorkizuneko lanetarako gaitasunak transmititu. Horretarako proiektu pedagogiko-sozial eraldatzaileen aldeko apustua egiten du.

EKI proiektua

Abenduan. LHko 5. mailako ikasleekin eta hauen aitona-amonekin egindako emanaldi berezia EKI diziplinarteko proiektuaren parte izan zen. Ikasleek hirugarren adinekoei edo aurreko belaunaldikoei egindako lana erakusteko aukera izan zuten.

Emaitza. Ikasleek ikasgelan landutakoa plazaratzeko aukera izan zuten. 60 bat aitona-amona joan ziren ekimenera eta emaitza oso positiboa izan da.