Durangoko Udalak 2.207.199 euroko zenbatekoan atera berri ditu lizitaziora Aramotz auzoa berrurbanizatzeko lanak. Honakoa Udalak emandako azken aurrerapausoa da, URAren eta Errepideen baimen egokiak lortu ondoren.

Obrak egiteko gehieneko epea 18 hilabetekoa izango da, eta lizitazio prozesua behar bezala garatzen bada, lanak udaberrian hasi ahal izango dira. ‘Aramotz Berritu' proiektuak Durangoko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta auzoko bizilagunek partekatutako auzo horren hobekuntza integrala gauzatu nahi du.

Birgaitze integralaren planteamenduan auzoaren inguruko urbanizazio obrak, Larrinagatxu errekaren desbideratzea, eraikinak birgaitzea eta Auzo Bulegoaren eraikuntza egingo dira. Auzo Bulego horrek obrak eta laguntzak kudeatzeko informazioa eskaini eta tokiko prestakuntza zein enplegu planak bultzatzeko balioko du.

Proiektu honek bi atal nagusi ditu: alde batetik, Durangoko Udalak lizitatu dituen obrek auzoaren berrurbanizazioari dagozkio. Beste alde batetik, auzotarrek 128 etxebizitzen eta sei lokalen efizientzia energetikoa eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo dituzte. Guztira, lanak egingo diren eremuak 13.000 metro koadro inguru hartzen ditu.

Naturan Oinarritutako Irtenbideak

Udalak Naturan Oinarritutako irtenbideetan (SbN) oinarritutako hirigintza proiektu berritzailea garatuko du, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Lan horietarako Eusko Jaurlaritzak 1.250.000 euroko dirulaguntza eskaini dio Udalari.

Obra hauen zatirik garrantzitsuena gaur egun auzoaren erdiko patiotik igarotzen den Larrinagatxu errakastoa berbideratzea izango da, auzoaren mendebaldeko perimetrora desbideratuko dena. Libre geratuko den erdiko patio horretan ur lorategi bat sortuko da.

Udalak lan hauek egingo ditu:

  • Larrinagatxu errekaren berbideratzea
  • Kaleak eta hego mendebaldeko plaza berrurbanizatzea eta oinezkoentzat bihurtzea
  • Erdiko patioa berreskuratzea eta ur lorategi bat sortzea.
  • Zoladura osoa berritzea
  • Instalazioak berritzea
  • Lorezaintza eta altzariak hobetzea

“’Aramotz Berritu' Durangoko azken hamarkadetako proiekturik garrantzitsuenetariko bat da, bai zenbateko ekonomikoagatik, bai egingo diren obra motagatik. Aramotz gure herriko auzorik ahulenetako bat da, eta, beraz, auzoko bizilagunen bizitzak hobetzetik hain gertu gaudela ikusteak asko pozten gaitu. Udaletik lanean jarraituko dugu proiektua lehenbailehen errealitate bihur dadin, eta proiektua lizitaziora atera izana urrats handia da”, adierazi dute Garrastatxu alkateak eta Rios alkateordeak.