Kutsadura akustikoari aurre egitea izango da Elorrioko Udalak hasi berri den 2023. urte honetan izango duen erronka nagusienetariko bat. Horretarako, udalerriko zarata-mapa bat eskatu dio Tecnalia empresari, zeinak egoera akustikoa ebaluatzea ahalbidetuko duen.

Tecnaliaren informeak udalerriko hainbat eremutan gehiegizko zaratak identifikatu ditu, eta emaitza horiek kontuan hartuta, kutsadura akustiko horri aurre egiteko neurriak eta ekimenak proposatu ditu.

Guztira, egunez bost puntutan identifikatu dira gehiegizko zarata-iturriak; arratsaldez puntu bakarrean dago kutsadura akustikoa; eta gauean zortzitan. Gune horiek guztiak Betsaide, Urkizuaran eta Morgaondo kaleetan edo inguruetan biltzen dira. Hori horrela, Tecnalia enpresak ekintza plana zehaztu du hobekuntza akustikorako neurriekin. “Planak hainbat neurri eta ekimen biltzen ditu, gehiegizko zarata hauteman den eremuetan kalitate akustikoko helburuak lortzeko. Horien artean, aipatzekoa da Elorrioko udalerrian industriajarduera kudeatzeko lantalde bat sortu dela. Lantalde hori hainbat eragilek osatuko dute, hala eskatzen duten auzo-elkarteekin batera”, adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Era berean, ibilgailu astunen logistika-plana, gehien kaltetutako eraikinen isolamendua hobetzeko plana eta trafikoan eragiteko neurri batzuk ere proposatu dira.

Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Udal guztiek zaratamapak egin beharko dituzte, gutxienez, beren eskumeneko lurralde-eremuan dauden trantsizio akustikoko eremuetarako. Elorrioko Udala EAEko lehenengoa izan da trantsizio akustikoko eremuetako zarata-mapa egiten.