Joan den asteartean, urtarrilaren 3an, Elorrioko alkate Idoia Buruagak eta Afronta Taldeko komunikazio-arduradun Joseba Andoni García Losadak iragarri zuten, Iturri Kultur Etxean eskainitako prentsaurreko batean, martxoan hasiko direla udalerriko alde zaharrean zuntz optikoa instalatzen. Ekimen hau Alde Zaharreko Plan Bereziarekin bateragarria dela azaldu zuten.
Zerbitzua ezartzeko beharrezkoak diren lanak martxoan hastea aurreikusi da, eta dena ondo bidean, bi hilabetetan amaituko da prozesua. Hau da, ekainerako instalatuta egongo da zuntz optikoa Elorrioko alde zaharrean. Gainera, alde zaharraz gain, herri guztira zabalduko da zuntz optikoaren instalazioa.
Hirigune historikoa babesteko, argiteria publikoaren azpiegituraren erabileran oinarritutako sistema bat diseinatu dute Elorrioko Udaleko hirigintza sailaren eta Eguzki Telekom talde teknikoaren artean. Halaber, Eguzki Telekom enpresaren merkaturatzailea Elorrioko enpresa bat izango da.
Afronta taldeko Joseba Andoni García Losadak, azaldu duenez, aplikatuko den teknologia XGPON da: “Merkatuan dagoen aurreratuena da eta 10GBeko konexioa ahalbidetzen du”. Gaur egun, konexio gehienak 10GBekoak badira ere, etorkizuneko beharrei erantzuteko gai izango den instalazioa egitea izan da helburua.
Elorrioko Udalak urteak daramatza elorriar guztiek zuntz optikoa izan dezaten lanean, baina orain artean, telekomunikazio-konpainia handiek instalazioa egiteari
uko egin diote. “Udala aitzakitzat jarri dute beraien borondate falta agerian geratu ez dadin. Halere, Elorrioko Udaletik ez dugu etsi, eta alternatibak bilatu nahi izan ditugu kosta ala kosta”, esan du Idoia Buruaga alkateak, Afronta Taldearekin lortutako lankidetzarekin pozik.
Halaber, Internet, telefonia mugikorra eta telebista alde batera utzita, Eguzki Telekomeko bezeroek gaur egun telekomunikazioen sektoreari lotuta ez dauden beste produktu mota batzuk erosteko aukera izango dute, hala nola: etxeko alarmak, mendeko pertsonen zaintza, eraginkortasun energetikoa kontrolatzeko sistemak eta soluzio domotiko batzuk.