Elorrioko Udalak skate eta surf ikastaroa eskainiko du datorren larunbatean, urtarrilaren 7an, inauguratu berri den skate parkean. Ekimen horrekin, gazteen interesa piztu nahi du Udalak, instalazio berriari ahalik eta probetxu gehien atera ahal izateko. Era berean, espero dute ikastaroak harrera ona izatea.

San Roke eta Betsaide kaleen arteko lursaila patinatzeko pista bihurtzeko lanak aurreko astean iritsi ziren amaierara. Zehazki, abenduaren 23an zabaldu zen parkea, eta dagoeneko Elorrioko gaztetxoak hasi dira probatzen. “Harrera ona izan du, eta momentua aprobetxatu nahi dugu prozesuan parte hartu duten gazte eta herritarrei eskerrak emateko; baita pista egin duen ZUT enpresari ere. Denoi esker, patinatzeko aukera asko ematen dituen pista dugu gure herrian”.

Urtarrilaren 7an 10:30etatik 13:30era izango da ikastaroa, doan, eta materiala bertan egongo da haur eta gaztetxoentzat erabilgarri. Eguraldia ona bada egingo da ikastaroa, eta ez da aurrez izena eman behar. “Ikastaroaren helburua hasi berriak direnei oinarrizko ideiak ematea da, eta aldi berean, skate pistak eskaintzen dituen aukerak ezagutaraztea”, gehitu du Buruagak.

Parke egokia guztientzat

Pistaren diseinuari dagokionez, gazteekin egindako parte-hartze prozesuan jasotakoak txertatu dira bertan. 620 metro karratuko espazioa da, eta skate parke horretan gazte guztiek izango dute patinatzeko aukera; izan ere, leku aproposa da patinatzen hasi berri direnentzat, baina baita erakargarria ere trebatuagoak diren patinatzaileentzat.