Urte berriaren hasierarekin batera, aurrera darrai Elorrioko Udala herrian hobekuntzak egiten. Hasi berri den 2023ko erronka nagusienetariko bat udalerriko ondarea babestea eta sendotzea izango da, eta horretarako partida sendoa bideratu egin du Udalak aurrekontuetan. Hala, Eusko Jaurlaritzak emandako dirulaguntzarekin batera, datozen egunetan 365.800 euroko aurrekontua bideratuko du Argiñetako proiektuaren atal urbanistikoa garatzeko.

Argiñetako irisgarritasuna hobetzea da lanen helburuetako bat. Horretarako, urte hasieratik eta hiru hilabeteko epearekin, errepide nagusitik baselizarako sarbidea egokituko da. “Bertaratzen diren guztiek arazorik gabe bisitatu ahal izango dute Argiñeta; azken finean, denok dugu gure ondareaz gozatzeko eskubidea”, azpimarratu du Alazne Mendizabal Ondare saileko zinegotziak.

Bestetik, lanen baitan, ingurua zaintzeko, hiri-altzari berriak ere jarriko dira, eta baita baselizaren eta nekropoliaren esparrura ibilgailuen sarrera mugatzeko piboteak ere.

Horrez gain, haritz baten sustraiek zenbait hilobi mugitu dituzte, eta hilobiak birkokatzeko lanak ere egingo dira. Bide batez, azpiko drenajea ere hobetuko dutela aurreratu du Mendizabalek, guneari eragiten dieten hezetasunak ekiditeko.

Proiektua arkeologian aditua den taldeak gainbegiratu du, eta esku-hartzeek “ingurua ahalik era gutxien eraldatzea” izan da erabilitako irizpide orokorra.

“Ondarea zaintzea oso garrantzitsua da guretzat, eta ziur gaude bide horretan emandako pausu guztiak egin beharreko apustua direla”, gaineratu du Mendizabalek.