32 plaza izango ditu Derioko lehenengo bizikletentzako aparkalekuak
Aurrera darrai Derioko Udala bizikletaren erabilera sustatzeko ekimenarekin. Hori dela eta, bizikletentzako lehenengo aparkalekua eraikiko du udalerrian, 32 plaza izango dituena.
Gero eta derioztar gehiagok erabiltzen dute bizikleta herrian zehar mugitzeko, eta, logikoa denez, erosotasunez eta segurtasunez egin ahal izatea eskatzen dute. Gainera, “2023+ Bizkletazko Derio“ planak jada jasotzen du beharrezkoa dela bizikletak bide publikoan gordetzeko ekipamenduak izatea eta erakargarritasun handiko guneetan zenbait kokaleku identifikatzea. Puntu horietako bat Eskola eta Institutuaren artekoa zen.
Horregatik guztiagatik, Udalak 29.000 euroko inbertsioa egin du eremu horretan bizikletentzako aparkaleku bat jartzeko. 18,5 x 2,10 metroko markesina bat da, metalezko egitura du eta polikarbonatozko panelez estalita dago. 32 plaza ditu guztira.
Udalak bai bertako langileak, bai ikasleak eta bai gurasoak edo senideak bizikletaz hurbiltzera animatzen ditu; izan ere, “bizitza osasungarriago bat bultzatzeaz gain, ikastetxeetara sartzean eta handik irtetean sortzen den trafikoa murrizten lagunduko baitu”.
Aipatzekoa da Udalak datozen hilabeteetan tren geltokiaren ondoan beste aparkaleku bat jartzeko asmoa duela. Oraingo honetan, ekipamendua desberdina izango da, itxia izango baita eta kudeaketa-sistema bat izango baitu. Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundutako jarduera izango da, Bizipark programaren barruan. Programa honen helburua bizikleta ohiko garraiobide gisa erabiltzea eta garraiobideen arteko intermodalitatea sustatzea da, ibilgailu pribatuaren kaltetan.