Herritarren artean langabezia-tasa murriztea izango da Abanto-Zierbenako Udalaren erronka nagusienetariko bat hastear dagoen 2023. urtean. Horretarako, hainbat ekimen eta proiektu jarriko ditu martxan urtean zehar, 2022an egin duen bezala. Aurten 49 pertsonak lortu dute lan-kontratua Abanto Zierbenaren enplegu-planei esker.
Hala, Abanto-Zierbenako Udaleko Enplegu eta Garapen Ekonomikoko arloak Enplegu Plan berri bat jarri du abian, udalerriko 17 langaberi lana emateko. Lanbidek (102.000 euro) eta arloak berak (39.000 euro) finantzatutako 141.000 euroko inbertsioarekin, enplegatuek abenduaren 30ean hasiko dute kontratua eta sei hilabetez luzatuko da lanaldi erdian.
Programa honetara sartu direnek peoiaren, ingurumen-agente balioaniztunen eta agente zibikoen lanak egingo dituzte: ingurumena berreskuratzea, hiri-altzariak mantentzea, obra txikiak eta laguntza anitzeko brigadei laguntzea, besteak beste.
Horrekin, hiru dira 2022an Maitana Martínez Goirik zuzentzen duen arloak abian jarritako Enplegu Planak, “langabezian dauden abantoar guztiei enplegurako aukera emateko dugun konpromisoari erantzuten diotenak”. Gaineratu du “partida horren aldeko ahalegina aurreko urteetan baino handiagoa izan dela, egoera ekonomikoak pertsona guztiei enplegua lortzen laguntzera garamatzalako, inor atzean gera ez dadin. Hori da gure konpromisoa”.
Ildo horretan, aipatu behar da arloak 763.000 euro baino gehiago bideratu dituela Lanbiderekin batera gazteen enplegu-planetan, kolektibo kalteberentzat, eta, oro har, 50 pertsona ingururi lana eman dieten urte honetan.