Getxoko Udalak hainbat ordenantza eguneratuko dituela erabaki egin du ostegun honetan ospatu egin duen eta urteko azkenengoa izan den osoko bilkuran. Ordenantza horiek honako hauek dira: zerga-bilketari buruzkoa, bidaiarien hiriko turismo-ibilgailuen bidezko garraio publikoaren zerbitzuari buruzkoa ("taxien ordenantza" deritzona), eta udal-agiritegiko araudiari buruzkoa.

Hein handi batean, indarrean dagoen legeria berriari eta administrazio elektronikoaren eboluzioari egokitzeko egingo da. Bi ordenantzen proposamenak onetsi dira, Udal-gobernuaren (EAJ/PNV eta PSE-EE) aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioekin (PP, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemos); araudiaren proposamena ere onetsi da, boto-kopuru berarekin, EH-Bilduren salbuespenarekin, aldeko botoa eman baitu.

Zerga-bilketari buruzko ordenantza

Zerga-bilketari buruzko ordenantzak barne hartuko du Gobernuak aurkeztutako zuzenketa; horren arabera, ahal dela ordainketa telematikoa egingo da (udal-langileek laguntza eskatzen duten herritarrei lagunduko diete), baina izapidea aurrez aurre egin ahal izatea ere bermatuko da. Oposizioko hiru alderdiek ere zuzenketak aurkeztu dituzte, aukera telematikoaz gain izapideak aurrez aurre egiteko aukera jaso dadin. Gobernuak zuzenketa horiek baztertu ditu, bere ustetan hobeto azaltzen baita hori berak egindako zuzenketan; alabaina, oposizioak idazketa kritikatu du, "ez delako argi geratzen aurrez aurre ere egin daitekeenik".

Araudi berriak ordaintzeko modu guztiak ere hartuko ditu barne (bankuak eta kutxak, udalaren administrazio elektronikoko bulegoa, Eusko Jaurlaritzako ordainketa-pasabidea, etab.) eta, esate baterako, Bizum aukera ere eskainiko da, ordenantzan berariaz adierazi ez den arren (azken aukera hori PPk aipatu du baztertu den zuzenketa batean), "ordaintzeko moduak nahiko arin aldatzen direlako eta, ondorioz, kasu horretan aldaketa bat dagoen bakoitzean ordenantza aldatzera derrigortuta egongo ginatekeelako", adierazi du Udal-gobernuak.

Dokumentu berria hizkera inklusibora egokituta dago; bestalde, Alkatetzari ordenantza fiskalak aldatzeko gaitasuna emateko aukera jaso da, zeina legez aurreikusita baitago, nahitaez aplikatu beharreko lege-aldaketetara egokitu ditzan.

Taxien ordenantza

Taxien ordenantza berriak bi berrikuntza jasoko ditu, Getxoko taxilarien elkarteak (BizkaiTaxi) eskatuta, haiekin lankidetzan aritu eta adostu ondoren: ibilgailuek kanpo- nahiz barne-publizitatea izateko aukera, eta kolorea aldatzekoa (gris metalizatu kolorekoak dira eta ilunagoa den grisa jarri nahi da, gaur egun ohikoagoa baita), hamabi urteko trantsizio-aldian.

Aurkeztutako zuzenketek (Elkarrekin Podemoseko bost eta EH-Bilduren bat) baztertu dira. Oposizioko hiru alderdien eztabaidaren zati bat taxi-gidarien eta gidaridun ibilgailuen (Uber, Cabify, etab.) erabiltzaileen eskubideak babesteari buruzkoa izan da; hala eta guztiz ere, Gobernuak adierazi duenez, "gidaridun ibilgailuak ez dira udal-eskumenekoak".

Agiritegiko Araudia

Agiritegiko araudiari dagokionez, eguneraketaren bidez kudeaketa sinplifikatu eta arrazionalizatu nahi da; horretarako, "indarrean dagoen araudira egokituko da dokumentua eta gure udalaren dokumentu-kudeaketa oso berriaren plan estrategikoa izango da", zehaztu du Udal-gobernuak.  

Beste kontu eta mozio batzuk

Osoko bilkura honetan, Euskararen Nazioarteko Egunaren eta Migratzaileen Nazioarteko Egunaren zioz onetsi ziren adierazpen instituzionalen berri eman da. Azkenik, Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozio bat onartu da, testigantza-izaerarekin eta gobernu taldeak transakzionatu egin duena, hain zuzen ere, “Udalak, bere eskumenek ahalbidetzen dioten neurrian, sexu-orientazioaren, sexu-identitatearen, genero-adierazpenaren eta sexu-ezaugarrien arloko aniztasunari balioa emateko beharrezko neurriak hartzeko eta hirugarren laukia sartzea errazteko, identifikazio pertsonala eskatzen duten “beste aukera batzuk” epigrafean”.