Bazterketa egoeran dauden 8 langabetu kontratatuko ditu Ugaok
Bazterketa egoeran dauden zortzi langabetu kontratatu egingo ditu Ugao-Miraballesko Udalak 2023an, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aktibatutako programa berri bati esker.
Pertsona horiek 6 hilabetez lanaldiaren % 75ean lan egingo dute (deialdiaren eskakizunengatik ezarritako ehunekoa da) Hirugarren eta Laugarren Adinekoei Laguntzeko eta Arreta emateko proiektu batean.
Interesdunek, eskatutako baldintzak betetzen badituzte, dagoeneko Lanbideren web orrialdean argitaratuta dagoen eskaintzan eman dezakete izena: https://labur.eus/duMh8
Sei hilabete horietan, programa modular, pertsonalizatu eta integral bat egingo dute, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratu baten bidez. Lehenengo hilabetean, 100 orduko ikastaro bat egingo dute, landu beharreko esparruan prestatzeko, eta, ondoren, gainerako 5 hilabeteetan, ikastaroan ikasitako guztia praktikan jarriko dute.
Era berean, bakarrik dauden, konpainia bila dabiltzan eta proiektu pilotu honetan parte hartu dezaketela uste duten udalerriko adinekoek Jane Jauregian eman dezakete izena.
Kontratatu beharreko pertsonek, nahitaez Lanbideren bidez eman behar dute izena. Bestalde, erabiltzaile gisa parte hartu nahi duten adinekoek, esan bezala, Jane Jauregian eman beharko dira altan.
“Proiektu hau enpleguaren alde egiten dugun apustua da, okerren pasatzen ari diren kolektiboak babesteko apustua. Aldi baterako kontratazioaren bidez, beren lan-aukerak handitzen laguntzen dugu, beren profil profesionala hobetuko dute eta etorkizunean merkatuan sartzeko erraztasun gehiago izango dituzte, kualifikatuagoak izango baitira. Espero dugu programak harrera ona izatea eta etorkizunean sendotuko den proiektua izatea“, azpimarratu du Ekaitz Mentxaka alkateak.
Programa otsailean hastea aurreikusten da eta 123.000 euro inguru inbertituko dira. Finantzaketa osoa Lanbideren dirulaguntzaren truke izango da, Europako funtsetatik datorrena.