Hasi dira dagoeneko Las Carreras auzoko N-634 errepidea zeharkatzeko oinezkoentzako pasarela berritzeko lanak. Pasarela hau 2007. urtean eraiki egin zen, eta jende askok erabiltzen du egunero.

Multzoa errepidearen gaineko pasarelak eta horren alde bakoitzean dauden arrapala eta eskailerek osatzen dute. Sarbideak errepidearen gaineko kota batean daude, bi aldeetan, Trinidad eta Haritzalde plazetan, tarte horretan Ambrosio de los Heros etorbidea baino altuago daudenak.

Gaur egun, pasarelak azaleko narriadura orokorra du estalduran, urteetan zehar izandako klimatologiaren ondorioz. Gainera, gaineko pasarelaren alboetako u-glass itxituraren piezak aldizka apurtzen dira, eta gertatzen den bakoitzean konpondu behar dira.

Obrak azaroaren amaieran hasi ziren, eta helburu gisa dute oinezkoen pasarela eta metalezko elementuak denbora igaro ahala herdoiltzen ez direla bermatzea, itxituraren materiala ordezteaz gain, mantentze-lanak errazteko. Era berean, honako hauek izango dira obren ardatza: egitura osoan korrosioaren aurkako tratamendua egitea, pasarelaren kanpoko estaldura ordeztea azpiegitura eta baranden estaldura saneatuz eta margotuz, eta argiak ordeztea.

Iratxe Etxeandia Obrak eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu du “horretarako egiturari korrosioaren aurkako tratamendua egingo zaiola eta barandak berriz margotuko direla, aldez aurretik margo zaharra kenduz. Beharrezkoak diren konponketa guztiak egingo dira egituran, eta pasarelaren erdiko babesgarria kenduko da eta polikarbonato zelularrezko itxitura berriarekin ordeztuko da, pasarelaren kanpoan instalatuko dena. Azkenik, hormigoizko zoladurak eta txapa berriz margotuko dira, tratamendu irristagaitzarekin, eta pasarelan led argi berriak jarriko dira”.

Pasarelaren kokapena dela-eta, bertatik igarotzea debekatu da, eta obraren inguruko autobus geltokiak hogei metro lekualdatu dira aldi baterako.

Pasarelaren kolore berria aukeratzeko, Abanto Zierbenako Udalak herritarren parte-hartze prozesua egin zuen Las Carrerasen, hiru proposamenekin, eta irabazlea “Rojo Puente Bizkaia-Bizkaiko Zubiko kolorea” izan zen.

Maite Etxebarria alkateak nabarmendu du “Las Carreras osoarekin hartu dugun konpromisoa betetzen ari gara; izan ere, pertsonen irisgarritasuna hobetu eta bermatzea gure lehentasunetako bat da, eta herritarren eta Udalaren arteko proiektua denez, oraindik harroago gaude. Oso gutxi barru Las Carrerasek pasarela berritua eta hiri-irudi berria izango ditu”. Alkateak gehitu du “Bizkaiko Foru Aldundiarekin lanean jarraitzen dugu N-634 errepideak Las Carrerasen duen tartea hobetzeko.”

Jarduketa hau gobernu-taldean adostutako erabakien barnean dago, eta Maitana Martínez Goiri Ekonomiaren Garapen eta Enpleguko zinegotziarentzat “gure udalerrian nabarmena den azpiegituran beharrezko hobekuntza ekartzen du, horren irudia eta irisgarritasuna hobetuko dituena, Las Carrerasko herritarrei segurtasuna ekarriz”. Martínez Goirik gaineratu du birmoldaketa “abantoar guztien bizi-kalitatea hobetzeko grinaren” emaitza dela, “eta gainera herritarrek parte hartu dutela erabakiak hartzeko, eta guretzat alderdi ezinbestekoa da hori”.