Galdakaoko Udalak koronabirusaren pandemiaren osteko lehenengo gabon hauetan pertsona guztiek ondo pasa dezaten neurriak hartu ditu. Alde batetik, jaiak inklusiboagoak egingo ditu, eta bestetik, aldiz, irisgarritasuna hobetuko du.
Autismoaren Espektroko Nahasmena edo TEA duten haurrei, adibidez, argiek eta soinuek gogor erasaten diete, besteak beste; zarata eta argitasun handiko lekuek min egiten diete eta ez dira gai jende askoko guneetan zain egoteko. Hori kontutan hartuta, argi eta soinuen intentsitatea gutxituko da ekintza, egun eta ordu jakin batzuetan. Egunotako ekimenetan lanean arituko diren hainbat langilek ere haur horien beharretan arreta berezia jarriko dute, ume guztiek izan dezaten gozatzeko aukera. Era berean, haur horiek ez dute ilararik itxaron beharko zenbait ekitaldietan parte hartzeko; horretarako, Behar Berezien Txartela aurkeztu behar dute. Halaber, Autismoaren Espektroko Nahasmena duten umeen elkarteko kide bat egongo da zehaztutako ekintzetan, neurriak behar bezala beteko direla bermatzeko.
Ondorengo ekintzetan hartuko dira neurri bereziak:
- Olentzerorekin eta Mari Domingirekin argazkiak ateratzea: Kurtzeko plazan izango da larunbatean, eta besteak beste neurri hauek hartuko dira: lehentasuna emango zaie behar bereziak dituzten haurrei, ilaran egotea saihestuko da eta musikaren bolumena jaitsiko da horiek tartean daudenean. Halaber, distantziak mantendu eta haur horiek lasaitasunez tratatuko dira bereziki. Behar horiek dituztenak lehen orduan gerturatzeko gomendioa egiten da, 15:45 eta 16:15 artean.
- Haur parkea: Abenduaren 27tik 30era egongo da zabalik haur parkea, baina behar bereziak dituzten umeekin 28 arratsaldez joateko deia egin dute antolatzaileek, orduan jaitsiko baita musikaren bolumena. Edozein kasutan haur horiek beste egunen batean joango balira, Panpotx Elkarteak neurriak hartuko lituzke, betiere ume horien presentziaz jakinarazten bada. Beste alde batetik, mugikortasun arazoak dituzten haurren zailtasunak arintze aldera, Elexaldera igotzeko autobusa irisgarria izango da.
- Erregeen kabalgata: Urtebietatik Bengoetxerako tartean argia eta musika murriztuko dira, eta Bengoetxen, ohiko hiru ilarez gain, beste bat egingo da TEAdunek zain egon behar ez dezaten.
Bestetik, suziri eta petardoak murrizteko eskatuz, Adierazpen Instituzionala landu du Galdakaoko Udalak. TEA duten pertsonei, batetik, eta animaliei, bestetik, eragiten dizkieten kalteak kontutan hartuta, leherketa zaratatsuak alboratzeko gomendioa egin du, eta urte zahar gaueko ohitura 00:00etatik 00:30era murrizteko eskatu du.
Neurrien egokitasuna ulertuko delakoan, Galdakaoko Udalak dei berezia egiten die herritarrei TEA duten haurrak kontuan hartu eta zain ditzaten, eta euren Gabonak ere gozamenezkoak izan daitezen lagun dezaten.
src="https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/statics/js/indexacion_Trebe.js">