Abanto-Zierbenak ostiral honetan piztuko ditu Gabonetako argiak
Ohi baino beranduago, baina Abanto-Zierbenako Udalak ostiral honetan, abenduak 16, piztu egingo ditu Gabonetako argiak. Aurten, gainera, energia aurrezteko neurriak jarriko ditu martxan. Argiak urtarrilaren 7ra arte egongo dira piztuta.
Aurten, argiak Argilenex enpresak jarri ditu, bigarren urtez, Udalak deitutako lehiaketa publikoa irabazi duelako. Adjudikazioak 49.969 urteko aurrekontua du eta apaingarri berriak instalatzeko lanak hasi dira dagoeneko. Instalazioak gauez egiten ari dira, egunez trafikoan eraginik ez izateko, eta eremu publikoetan (parke eta plazetan, adibidez) eragozpenik ez sortzeko.
Energia-krisiari aurre egiteko, aurrezteko neurri gisa Udalaren Gabonetako argien erabilera mugatuko da, hiru ekintzen bidez:
- Instalazioan bonbilla guziak LED motakoak izango dira, kontsumo txikikoak, energia-kontsumoa nabarmenki murrizten lagunduz.
- Erregulatzaileen sistema instalatuko da, Gabonetako argiak goizaldeko 02:00etan itzaltzeko. Horrela, argiak piztuta egongo diren orduen kopurua asko murriztuko da.
- Argiak astebete geroago piztuko dira, hots, abenduaren 16an, ostiralean.
Neurri horiek energia aurrezten lagunduko dute, eta Udalaren elektrizitate-faktura murriztuko dute. Kalkulatu da % 33,3ko murrizketa izango dela energia-kontsumoan, aurreko urteekin alderatuz.
Neurriak udalerriko merkatariekin aztertu dira, inkesta baten bidez. Merkatari guztiei bidali zaie, eta horien % 85,1ek neurrien alde egin du.
Gabonetako kanpaina urteko garrantzitsuena da merkataritzarako, eta are gehiago egungo egoeran; izan ere, sektorean oraindik ez da pandemiaren aurreko jarduera-maila berreskuratu. Hortaz, beharrezkoa da merkatarien eskura jartzea salmentak bermatzeko behar diren sustapen-elementu guztiak, eta Gabonetako argiak elementu erabakigarri horien artean daude.
Aurten, honako hauek osatuko dituzte Gabonetako apaingarri eta argiak: ZORIONAK argiak udalerrirako sarbide guztietan, kale-argietan sorta motako apaingarriak hiru nukleo nagusietan (Gallarta, Las Carreras eta Sanfuentes) eta landa-auzoetan (Triano, Balastera, Las Calizas eta Putxeta). Gainera, udalerriko merkataritza-gunearen ondoan dauden zuhaitz naturalak LED argizko hari edo lokarriekin argiztatuko dira; berritasun gisa, hiru argizko opari-kutxa erraldoi izango ditugu plaza nagusietan, barrura sartu eta argazki ederrak atera ahal izateko. Azkenik, apaindutako lau Gabonetako zuhaitz jarriko dira: bat udaletxearen aurrean, bestea Gallartako Blasko Ibañez parkean, hirugarrena Las Carrerasko Haritzalde plazan eta azkena Sanfuentesko Pilar Abín plazan.
Gabonetako argiak abenduaren 16an piztuko dira, eta egunero argiztatuko da udalerria, urtarrilaren 7ra arte.