Astearte honetan goizean, abenduak 13, zilarrezko Bikain Ziurtagiriarekin saritu egin dute Ugao-Miraballesko Udala. Sari hau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatzen du, eta euskararen zabalkuntzan azken urteetan egindako lana saritzen du.
Zilarrezko Bikain ziurtagiri hau Udalak euskararen normalizazioan, erabileran eta kudeaketan egindako aurrerapenak egiaztatzen eta aitortzen dituen ziurtagiria da, bai Udalaren barne kudeaketan, bai herritarrekiko kanpo harremanetan.
Udalak atzo jaso zuen ziurtagiri hori, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuaren eskutik, Donostiako Kursaal Jauregian egindako ekitaldian. Bikain ziurtagiriak hiru maila ditu: Oinarrizkoa (beltza), Ertaina (zilarra) eta Gorena (urrea). Ziurtagiria lortzeko, Udalak kanpo ebaluazio bat egin eta gainditu behar izan du. Udalak aurtengo udazkenean jaso du ebaluazio hori, eta ebaluazio taldeak erdi mailako ziurtagiria eman dio, zilarrezkoa, 700-750 punturekin (gehienez 1.000 puntu lortu daitezke).
Ugao-Miraballesko Udalak aspaldi egin zuen euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartzeko apustua, bai zerbitzu hizkuntza bezala, bai lan hizkuntza bezala, eta baita emaitzak neurtzeko ere. Ekaitz Mentxaka alkateak adierazi du aitorpen honek Udalak, administrazio mailan, euskararen erabileraren alde egiten duen apustu irmoa agerian uzten duela. "Lortutako ziurtagiria udal langile guztien talde lanaren emaitza da. Ziurtagiri honek ilusio handia egiten digu. Udalaren egunerokoan euskararen erabilera bultzatzen jarraitzeko motibazio dosi bat da", adierazi du.