Portugaleteko Udaleko Ekonomia Sustapen eta Enplegu Sailak herriko merkataritza adineko pertsonentzat egokitzeko helburu duen kanpaina berri bat jarriko du martxan, 'Auzoa eginez – Haciendo barrio' izenekoa. Momentuz udalerriko 33 establezimendu atxiki zaizkio kanpainari.

Hasteko, informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina egingo da eta, horren ondoren, hainbat jarduera garatuko dira, gero eta zerbitzu hurbilagoak eta lagunkoiagoak eskaintzeko asmoz herriko nagusiei.

Txema Ezkerrak, Portugaleteko alkateorde eta Ekonomi Sustapen eta Enplegu zinegotziak, Auzoa eginez – Haciendo barrio ekimena aurkeztu du. Jatorria 2022ko urtarrileko osoko bilkuran aurkeztutako mozio batean du. Mozioa, jendearentzako zerbitzuetan nagusiei ematen zaien tratuari buruzkoa, aho batez onartu zen eta beraren konpromisoetako bat nagusiei arreta emateko jardunbide egokiei buruzko sentsibilizazio- eta informazio-kanpaina bat egitea zen.

Ezkerrak azaldu duenez, ekimen honen helburua Portugaleteko tokiko merkataritza nagusienganako tratu pertsonalizatuaren erreferente bihurtzea da. Ez gara konformatuko informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina bakar bat egitearekin, baizik eta urrats progresiboak egin nahi ditugu nagusien arreta hobetzeko, herriko ehun ekonomikoarekin lankidetzan eta ekimenaren helburuetan aurrera egiteko neurriak proposatuta”.

Ekimen honen lehen fasea informazio- eta sentsibilizazio-kanpaina batekin hasiko da, merkataritza-sektoreari eta portugaletetar nagusiei arretarako jardunbide egokien berri emateko.

Horren karietara, Ekonomi Sustapen eta Enplegu Sailak gizatalde horren premia bereziei erantzuten dieten oinarrizko jarraibide batzuk planteatzen dituen protokolo bat sortu du. Jarraibide errazak dira; horietako askok ez dute inbertsio ekonomikorik behar, baizik eta laguntza berezia eskaini nahi diete nagusiei erostera joaten direnean edo denda batean laguntza eske sartzen direnean.

Lehen fase honetan, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektorea kanpainari atxikitzea bultzatuko dugu. Horrela, bada, atxikiko diren saltokiek bereizgarri bana jasoko dute, nagusiekiko merkataritza lagunkoi gisa identifikatuko dituena: lanpas bat, kanpainaren leloa eta ongi etorri testua daramatzana. Ongi etorri horrek sinbolismo berezia du: gune lagunkoi batera sartzeko gonbidapena da eta bertan hurbiltasunez eta atseginez tratatuko gaituztela esan nahi du, gure beharrizan bereziak kontuan hartuta, nabarmendu du Ezkerrak.

Kanpainarekin bat egiten duten establezimenduek konpromisoa bereganatuko dute merkataritza-gunea hobetzeko jarraibideak eta gomendioak erabiliko dituztela, behar denean aplikatzeko eta, horrela, nagusien zaintzan aldea markatzeko. Orain arte, 33 saltoki atxiki dira guztira.

Beraz, arreta optimizatu nahi da eta establezimendua atseginago egin, eguneroko egoera jakin batzuetan ahultasun jakin batzuk izan ditzaketen horien erosketaesperientzia errazteko. Izan ere, keinu jakin batzuek gure merkataritza-establezimenduak nagusientzako lagunkoiago bihurtzen dituzte.

Ekimenaren bigarren faseari begira, Ekonomi Sustapen eta Enplegu Sailak neurri sorta bat garatuko du datozen hilabeteetan, hala nola irisgarritasuna hobetzeko laguntza ekonomikoak, informazioa eta orientazioa, sektorearekiko akordioak, etab.

#AuzoaEginez – #HaciendoBarrio

Informazio- eta sentsibilizazio-kanpainari begira lau kartel diseinatu dira, metroan, Bizkaibuseko markesinetan eta merkataritza-establezimenduetan ezartzeko. Gainera, liburuxka bat buzoneatuko da, nagusiekoekiko merkataritza lagunkoiaren identifikazioa erakutsi nahi duten saltokiek hitzemandako neurrien berri emateko, eta webgunean protokolo osoa argitaratuko da, herritar guztien eskura egon dadin.

Egokitzapena, argitasuna eta gardentasuna, ulermena eta hurbiltasuna dira tokiko merkataritzak nagusiekin dituen konpromisoak laburbiltzen dituzten gako-hitzak.

Egokitzapena

Nagusiei lehentasunezko arreta ematea, itxaronaldia erosoago egiteko aulki bat eskaintzea, sarbidea errazagoa izateko oztopoak kentzea, produktuak eskura jartzea eta, establezimendu motaren arabera, komun publikoen erabilera eta identifikazioa erraztea eta etxez etxeko entregak edo telefono bidezko eskaerak onartzea.

Argitasuna eta gardentasuna

Erosketa-prozesua, eskaintzak eta edozein informazio inprimatu interesgarri gardena eta erraz irakurtzeko eta ulertzeko modukoa dela bermatzea, eta beti ahoz azaltzeko prest egotea.

Ulermena eta hurbiltasuna

Enpatizatzea, batez ere memoria-arazoak, desorientazioa edo beste edozein zailtasun dituzten nagusiekin; hurbilak izatea, entzutea eta pazientziaz artatzea, zerbitzu hobea eta gertuagoa emateko.