Durangoko Udalak 641.357 euroko aurrekontua bideratuko Andra Maria basilikako arkupea berritzeko. Horietatik, Eusko Jaurlaritzaren laguntzetatik 200.000 euro erabiliko ditu.

Aipatutako elizpea herriaren historiari lotuta joan da. Besteak beste, historiako biztanleria zibilaren aurkako lehen eraso baten protagonista izan zen (1937an Italiako abiazio faxistaren eskutik). Horrez gain, Durangoko Azokaren lehen kokaleku edota Darío de Regoyos margolari ezagunaren jomuga izan zen, ‘Merkatua Durangon’ arte obraren bitartez (1.907)

“Andra Mariko portikoa gure herriaren altxor garrantzitsuenetako bat da. Ezinezkoa litzateke Durango espazio eder hau gabe ulertzea, gure herriaren epizentroa eta gure herriaren etengabeko protagonista izan baita, hainbat gertakariren ondorioz. Ez da soilik bere edertasunagatik, baizik eta Durangoren sinboloa delako. Orain, berriz, konpondu egingo dugu eta merezi duen tratua emango diogu”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

Elizpearen eraikuntza 1676. urtean agindu zuen Durangoko Udalak. Martin de Gabiria arotzak armadura diseinatu zuen, eta harrizko zutabeak Domingo de Barraicua harginaren diseinuaren bidez egin ziren. Lan guztiak 1681. urterako erabat amaituta egon ziren.

Plaza publiko estalia

Elizpearen funtzionaltasun eta aldakortasuna kontuan hartzekoa da, Durango osoko espaziorik erabilienetako, ibilienetako eta funtzionalenetakoa baita. Nabarmentzekoa da plaza publiko estalia eta irekia dela, urtean 365 egunez eta egunean 24 orduz.

Birmoldaketa lanek gehienez zortzi hilabeteko epea dute gauzatzeko, eta bi fasetan egingo dira, herritarrei aterpea erabat ixtea saihesteko. Arkupeak zenbait patologia ditu, batez ere urak eta denboraren joanak eragindakoak. 2022. urtearen hasieran premiazko lanak egin ziren, sabai leihoaren egiturari eta beiraztatzeari behin behinean eusteko.

Lanek ez dute portikoaren lurzoruan eragingo, baina haren mantentzea bermatuko dute. Bestalde, dagoen argiztapen sistema berrituko da, ikuspegi estetiko eta funtzionaletik hobetuz.

“Urrats handi bat eman berri dugu espazio historiko honi merezi duen distira emateko, batez ere mota honetako lizitazio publikoak esleitzea hain zaila gertatzen ari den garai hauetan. Behin obrak esleituta, lanean jarraituko dugu emaitza Durango osorako egokiena izan dadin”, gaineratu dute Garrastatxuk eta Riosek.

Zentzu horretan, lanak urtea amaitu baino lehen hastea aurreikusten dute udal teknikariek.