10.878.024 euroko aurrekontuarekin egingo dio aurre Lekeitiok datorren 2023 urteari, “hau da, aurtengoan baino 971.724 euro gehiago” izango ditu behar bezalako zerbitzuak bere gain har-tzeko. Gastuen kategorian jasotako beste hainbat kapitulu tarteko, inbertsioen gaiari ekiteko 1,9 milioi euro izango dituzte. Asteon ospatutako osoko bilkuran onartutakoaren arabera –non EAJ alde agertu zen; EH Bildu berriz kontra–, herriko ondarearen hobekuntzarako zenbait proiekturi ekingo diete, tartean direlarik Euskal Herri mailan bisitatzeko aukera ematen duen itsasargi bakarraren birgaitzea –340.000 eurorekin– edota Armintxeko kobazuloetako grabatuak mantentzeko derrigorrezko egin beharreko lanak –250.000 euroko kostuarekin–.

Kostako udalerriak ondare esanguratsua du, eta beronen defentsan aritzeko konpromisoa hartu dute udal ordezkariek. Hala da Santa Katalinan kokatzen den itsasrgiaren kasuan, zabaldu zenetik, 2010. urtetik . Edota Armintxeko kobaren kasuan. Hala ere, datorren urterako diseinatutako aurrekontuetako inbertsioen kapituluan badira beste zenbait kontu garrantzitsu. Eta udal eraikinetan eta kaleetan egin nahi dituzten hobekuntzak dira nagusienak, inbertsiorik handienak izango dutenak. Besteak beste, Antiguako Ama, Basotxo eta Karmengo Ama kaleen inguruko berrurbanizazioa amaitzeko lanetarako 610.000 euro gorde dituzte. Eskoletako patioen estalkia sortzeko beste 475.000 euro izango dira, eta zenbait kaleetako argiteriaren berritzeak 130.000 euro suposatuko du. Lekeitioko Udaleko bozeramaileek “aurrekontu honekin kalitatezko zerbitzu publikoak bermatu nahi” dituztela nabarmendu dute.

Aurrekontuak lantzerako orduan “hurrengo irizpideak izan dira kontuan: egoera zailean dauden herritarrei laguntza bermatzeko partidak egungo beharrizanei egokitu zaizkie, beharrezkoak diren funtsak bermatuta daudela ziurtatzeko”. Eta udal tasen hobarien artean, “familia ugariek eta egoera zaurgarrian daudenek Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan (OHZ) hobariak izango dituzte”. Bestetik, “kirol talde, kultur talde, merkatarien elkarteak, kooperaziorako laguntzak eta andraetxearen berriztapenerako partidak mantendu edo igo egingo dira”. Eta efizientzia energetikoaren ildotik lanean jarraitzeko, “herriko eta udal eraikinetako argiteria eta instalakuntzak berrizten jarraituko da eta energia eraginkortasuna lortzeko egiten diren obretarako tasetan ere hobariak ezarriko dira”. Azkenik, “hauteskunde kanpainan hartutako konpromisoak betetzea eta urtez urte konpromiso horiek betetzeko beharrezkoak diren ekintza/programa/zerbitzuak aurrera eramatea” izan da beste gidalerroetako bat; baita “auzo edo kale lanekin jarraitzea herria irisgarriagoa eginez, arazoak sortzen dituzten guneei irtenbidea emanez eta kaleen mantentze eta hobekuntza lanak burutuz”.

“2023ko gastuei dagokienez, igoerek KPIaren igoera, erregai eta argindarraren igoera eta pertsonal kosteen igoeran datzate batik bat”, jakinarazi dutenez. Nahiz eta aurrekontuaren %18a inbertsioen atalera bideratuko den. hauei Turismo jasangarria sustatzeko Europar Next funtsetatik Lekeitiok jaso dituen 600.000 euroak gehitu behar zaizkie. Jada erabakiak dira zertara bideratuko dituzten Europatik lortutako diru horiek. Zehatz mehatz, Mendieta ontziolako etxea berreraikitzera 380.000 euro bideratuko dira, Garraitz uharteko eremu arkeologiko balioan jartzeko lanetara beste 90.000 euro, eta baliabide turistikoen digitalizaziora, azkenik, beste 50.000 euro hartuko dituzte. Bestetik, pertsonalaren gastuek 3,9 milioi suposatuko dituzte, eta gastu arruntek –argiteria publikoak, mantenuak, kirol instalazioen garbiketak, kirol eta kultur taldeen aportazioak– 3,5 milioi euroko partida izango dute,

Aurtengoan ere lekeitiarren iritzi eta proposamenak jasotzeko aukera zabaldu zuen Udalak. “Deialdi irekia egin zen eta guztira zortzi herritar eta taldeek egin dituzte ekarpenak”. l