Síguenos en redes sociales:

Martxan da Abanto Zierbenako meatzari-pintxoen lehiaketa

Urtero bezala, hemen da herriko gastronomia goraipatzea helburu duen Abanto Zierbenako meatzari-pintxoen lehiaketaren edizio berri bat. Aurten, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta izandako etenaldiaren ondoren, ekitaldi honen zortzigarren edizioa ospatuko da. Lehiaketa azaroaren 19 eta 20 eta 26 eta 27ko asteburuetan egingo da.

Proposamen gozoak udalerriko dozena bat tabernatako barretan dastatu ahalko dira, eta tradizioan nahiz produktu onean oinarritzen dira, bai eta berrikuntzan eta egokitzapenean ere. Helburua da udalerria sustatzea eta dinamizatzea ostalaritzaren bitartez.

Parte-hartzaileek lehiaketako euren pintxoak erakutsiko dituzte, bana lokal bakoitzeko, eta bezeroei salduko dizkiete 1,50 euroren truke. Ekimen hori informazio-elementu desberdinen bidez zabalduko da, hala nola kartel orokor eta zehatzen bidez, edota barran jarriko den informazioaren bidez. Horrez gain, sardexka erraldoi apaingarria jarriko da ostalaritzako establezimenduen kanpoaldean.

Lehiaketan aurkeztutako pintxoek ibilbide paregabea osatzen dute, proposamen-barietate handia egongo da eta udalerri osoko ostalaritzako lokaletan zehar ibiltzeko, ezagutzeko eta gozatzeko aukera ezin hobea izango da.

Saria jasotzeko aukera izango duten pintxoak epai-mahai profesional batek aukeratuko ditu, eta lehenengo eta bigarren sariak herritarrek aukeratuko dituzte. Establezimenduetan zein sare-sozialen bidez bozka daiteke. Sariek Udalaren dirulaguntza jaso dute, eta diploma eta tokiko dendetan kontsumitzeko 200 eta 100 euroko opari-txekeak emango dira.

Herritarren parte-hartzea sustatzeko eta establezimendu parte-hartzaileak bezeroz betetzeko, Udalak 5 euroko bonua emango dio txarteleko laukitxoen % 50 zigilatzea lortzen duen bakoitzari; txartel horiek tabernetan emango dira. Horrez gain, 50 euroko opari-txekea zozkatuko da meatzari-pintxorik onena bozkatzen duten parte-hartzaileen artean. Bozkatzeko kutxak tabernetan jarriko dira.

Osotara, Abanto Zierbenako Udalak lehiaketa honetan zehar 1.600 euro banatuko ditu saritan establezimendu eta bezeroentzat. Lehiaketaren aurreko asteotan, Abanto Zierbenako ostalariek pintxo-ikastaro batean parte hartu dute, eta Manuel Gómez sukaldaritzako profesionala eta erreferentea izan da irakaslea. Bilboko La Olla taldean egiten du lan eta Bilboko Pintxo Edizioa hainbatetan irabazi du. Saio horiek Gallartako Txoko Topalekun izan dira, azaroaren 7an eta 9an, eta hori ere Udalak antolatu du.

Honako hauek dira parte hartuko duten establezimenduak: Gallarta Zaharra jatetxea, Argia jatetxea, Mai Gau Txori, La bodeguita minera, In tua Nua, Harrigorria Kultur Elkartea, Enparantza Taberna, Max kafetegia, Meatza taberna, JR taberna, Batzokia eta Casa del Pueblo.

“Arteak eta kulturak mintzatzeko modu asko dituzte. Kasu honetan, Euskadiko kultura gastronomikoak pintxo-forma dauka. Gure udalerriaren tradizioa eta historia meatzaritzari lotuta dago, eta euskal mokadu berezi horietan dasta daiteke. Gure ostalaritzako lokalak sustatu nahi ditugu, kontsumoa areagotu nahi dugu gure udalerritik atera behar izan gabe. Horrela, gure ostalaritza biziberritzeaz gain, Abanto Zierbenako auzokideei aisialdiko plan gozoa eskainiko diegu”, adierazi du Maite Etxebarria Abanto Zierbenako alkateak.