Aurreko bi edizioetan bezala, Santurtziko Udalak bat egingo du gaur bertan hasiko den eta euskararen erabilera sustatzeko helburu duen Euskaraldia ekimenarekin.
850 santurtziarrek eta 43 arigunek baino gehiagok bat egin dute Euskaraldiaren edizio berri honetan, Santurtziarrak-en webgune ofizialean zein Euskaraldiarenean, eta gaur goizean, datozen 15 egunetan Santurtzin egingo diren ekintzak aurkeztu dira, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskara ikusgarriago egin nahi duen Euskaraldia gizarte-ariketa babesteko. Ekimena bihar, ostirala 18, hasiko da eta abenduaren 2ra arte luzatuko da.
Aurten, Euskaraldiaren hasiera Kabiezesko plazan izango da, 19:00etan txupin bat jaurtiz eta horren ondoren elektrotxaranga batek alaituko digu auzoa 21:00ak arte gutxi gorabehera.
Hilaren 23an, 9:30etan, herriko euskaltegi bietako ikasleen arteko topaketa egingo da Gernika parkean, herriko ahobizi eta belarriprestak gonbidatuta. Abenduaren 1ean, berbodromoa egingo da Gernika parkean, Bea Egizabalek eta Cesar Markosek gidatuta.
Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, kantaldia egingo da Santurtziko zenbait kaletan zehar, Gernika parkean hasi eta Txitxarran bukatuz. Ahots Zuriak taldeak sustatuta, hainbat kantu taldek eta abesbatzek hartuko dute parte: Bihotz Gaztea, Kantu Taldea, Maitia Korala, Santurtzi Kantari, San Jorge Nagusia eta Lagun Zaharrak. Gainera, Santurtziko Txistulari Bandak bidean lagunduko die. Egun berean, 20:00etan, dantza plaza izango da Gernika parkean Patxi Perezen eskutik.