Markina-Xemeingo hirigune historikoa Kultura Ondasun gisa kalifikatu zen 1996an, monumentu multzo kategoriarekin, eta honen bitartez haren babes-araubidea ezarri zen. Eta zenbait esku-hartze eginda ostean –80. hamarkadan, miluerteko berrian egin ziren Izartu plana eta E plana...–, Udalak bizia eman nahi dio alde zaharrari, laster inguru osoari eragingo dion Etxebarrirako sahiesbidea eraikitzeari ekin baino arinago. Horrexegaitik, toki-administrazioak ideia lehiaketa bideratu du, mota desberdinetako proposamenak –arkitektonikoak, kulturalak, hirgintzakoak...– batzeko. 8.000 euro, 4.000 euro eta 3.000 euro poltsikoratuko dituzte irabazle suertatzen diren proposamenek.
Lehiaketara aurkezten direb ideiek “logika sozial, ekonomiko eta urbanistikoko irizpideek babestutakoak izan beharko dutenak” epaimahai batek aztertuko ditu. Jorratu beharreko gaien artean hauek sartu dituzte; azpiegitura berriak; irisgarritasunari buruzkoak –irisgarritasun unibertsala hobetzera bideratutakoak–; diseinua eta ekonomia zirkularra jorratzen duten proposamenak; ondareari dagozkionak –monumentu-multzoari balioa ematea, argiztapena, seinaleak, informaziobitarteko digitalak eta abar erabiliz–; merkatariza biziberritzekoak; turismoa eta Done Jakue bidearen berreskurapenari dagozkionak; identitatea eta parte-hartzea ardatz dituztenak edota integrazioa eta udal planak garatzen dituztenak, hau da, toki-administrazioak “onartu eta abian jarritako plan eta diagnostiko sektorialak kontuan hartuta: Berdintasun Plana, Merkataritza Biziberritzeko Plan Berezia (BEPB), Markina-Xemein Lagunkoia, Eraginkortasun Energetikoaren Plana eta, Markina-Xemein, jatorri aniztasuna eta elkarbizitza” deri-tzon ekimena.
Saritutako lanak hautatzerako orduan, epaimahaiak irizpide desberdinak izango ditu kontutan. Kontzeptua eta diseinua izango da horietako bat, “proposamenaren koherentzia eta sormena baloratuko dira, eta, bereziki, honako hauek hartuko dira kontuan: hiri-ingurunearen integrazio-, harreman- eta hobekuntza-maila; inguruko espazioekin duen lotura funtzionala eta bisuala”. Bestetik, planteatutako irtenbidearen bideragarritasun teknikoa eta aldakortasunaere kontutan izango dute. Hirugarrenez, “proposamenaren denbora-bilakaera” era garrantzizko kontua izango da. Baita aplikatu beharreko oinarrizko araudira egokitzea edota proppsamenaren “bideragarritasun ekonomikoa”. Irisgarritasun unibertsala eta Markina-Xemeingo Udalak “onartu eta abian jarritako plan eta diagnostiko sektorialetara egokitzea” ere aztergai izango dira. Epaimahaia udal arduradunek –EAJ eta EH Bilduko ordezkariek– eta udal langileek osatuko dute, baita Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko (EHAEO) kide batek.
Aurreratu dutenaren arabera, “proposamenak aurkezteko epea abenduaren 19an amaituko da”.Eta lanak Udaleko Erregistro Orokorrean, Berton deritzon idazkaritzan entregatu beharko dira. Azkenik, Udalak proposamenak jende aurrean jarriko ditu.
Ideia Lehiaketa
Proposamenak. Lehiaketaren bidez, “ideia eta/edo proposamen batzuk aukeratu nahi dira (arkitektonikoak, kulturalak, hirigintzakoak edo beste edozein motatakoak); behar bezala arrazoitutakoak eta logika sozial, ekonomiko eta urbanistikoko irizpideek babestutakoak izan beharko dutenak” .
Sariak. 8.000 euro, 4.000 euro eta 2.000 euro emango dira.
Epea. Ideia lehiaketarako proposamenak aurkezteko epea abenduaren 19an amaituko da.