Aurreko edizioek izandako arrakasta kontuan izanda, Sestaoko Udalak martxan jarriko du tokiko merkataritza sutatzea helburu duen bonuen kanpaina berri bat. Bonuak asteazken honetatik, azaroak 16, abenduaren 16ra bitartean erabili ahal izango dira Sestaoko establezimenduetan, edo izakinak amaitu arte. Bonu horrekin kontsumitzaileak % 33ko deskontua lortuko du, sektoreari inongo kosturik eragin gabe.

Jesús Amenedo Sustapen Ekonomikoko zinegotziak eta Fernando Miravalles Merkatarien Elkartearen ordezkariak jakitera eman dutenez, edizio honetan, 15na euroko 6.000 bonu jarriko dira zirkulazioan.

Hori horrela, Ekonomia suspertzeko helburua duen 30.000 euroko udal-inbertsioak 90.000 euroko inpaktu ekonomikoa eragitea espero da.

Deskontua establezimenduan bertan eta erosketa egiten den unean bertan egingo da, eta gehienez 3 bonu metatu ahal izango dira 18 urtetik gorako pertsona bakoitzeko, establezimendu batean eginiko erosketagatik edo hartutako zerbitzuagatik. Bonu bakoitzean kontsumitzaileak 10 € jarriko ditu eta Udalak 5 €; hau da, erabiltzaileak % 33 aurreztuko du. Erosketaren zenbatekoa bonuarena baino txikiagoa bada, ez da eskudirutan kanbiorik itzuliko.

Kanpaina honetan parte hartzeko guztira hainbat sektoretako 87 establezimendu atxiki dira, besteak beste, ondoko produktu eta zerbitzuak eskaintzen dituztenak: ehungintza eta oinetakoak, etxeko ekipamendua, elikadura, argazki-zerbitzuak eta ile-apainketa eta estetika. Eskaintza zabal hori dela eta,kanpaina oso erakargarria da, bai atxikitako establezimenduentzat, bai Sestaoko herritarrentzat.

Parte hartzen duten establezimenduek erakusleihoaren toki ikusgarri batean identifikazio-kartel bat izango dute informazioa eman eta kontsumitzaileen arreta erakartzeko.