‘Zure mugikorrak ezkutatzen duena’ erakusketa jasoko du Zelaieta Zentroak
Gaur egun pertsona ia guztiok daramagu mugikorra sakelean, baina askok ez dakigu nola egiten diren. Horren inguruan, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroak Iván Benítez argazkilari eta kazetariaren 'Zure mugikorrak ezkutatzen duena' erakusketa jasoko du. Erakusketak Kongoko Errepublika Demokratikoan dauden Rubayako meatzean hartutako argazkiak biltzen ditu, eta astelehen honetatik abenduaren 2ra bitartean egongo da ikusgai.
Erakusketa hori, Alboan elkartearen ‘Gatazkarik Gabeko Teknologia’ kanpainaren barruan kokatzen da. Azken honen bitartez, baliabide naturalen kontrolaren eta ustiaketaren, giza-eskubideen urraketaren, ingurumenaren suntsiketaren eta egunero erabiltzen dugun teknologiaren artean dagoen harremana ikusarazi eta gizarteratu nahi da. Izan ere, egun Kolonbian edo Kongon jasaten duten indarkeria, esaterako, estuki lotuta dago gure kontsumo ereduarekin, eta lotura hori, hain zuzen, urrea da.
Kasu honetan, urrea gure mugikorrak fabrikatzeko erabiltzen den materiala da eta aipatu behar da herrialde hauetan, urre ekoizpenaren %80 legez kanpokoa edo arautu gabea dela eta horrek indarkeriaren bideak errazten dituela. Horregatik urrea gatazka mineral bezala izendatzen du ALBOAN elkarteak, indarkeria hori areagotzen laguntzen duelako.
Mugikorrak uzteko gunea Zelaieta Zentroan
Hori horrela izanik, erakusketa zein kanpaina honen helburu nagusia da indarkeria hori desagerrarazten laguntzea, horretarako, herritarrak kontzientziatuz.
Bide horretan, erakusketarekin batera, erabiltzen ez diren mugikorrak jasotzeko gunea jarriko da Zelaieta Zentroan. Izan ere, mugikorrak birziklatzeari eta berrerabiltzeari esker, mineral gutxiago erauzi behar dira Kongoko ekialdean.
Ekintza, beraz, erabiltzen ez diren mugikorrak jasotzean datza, hiru helbururekin:
- Ekintza humanitarioak: mugikorrak birziklatuz lortutako diruarekin, garapen-arloko proiektu humanitarioak egitea Kongoko Errepublika Demokratikoaren ekialdean.
- Ingurumenaren zaintza: erabiltzen ez diren mugikorrak bilduta eta kutsatzen ez duen modu batean erabiliz (berrerabili eta birziklatu).
- Kontsumo arduratsua: mugikorren bizitza erabilgarria luzatuta, eta, beraz, mugikorrak fabrikatzeak duen ingurumen-inpaktua arrazionalizatuta.
Temas
Más en Bizkaia
-
El tranvía de Bilbao registró en la última década 64 atropellos de peatones, bicis y patinetes
-
Las seis normas básicas de convivencia con el tranvía de Bilbao
-
Gune publikoetan alkoholaren kontsumoa arautzeko kontsulta publikoa abiarazi du Durangok
-
'Bizitza baten isileko lana' erakusketa ikusgai egongo da Durangon