Hirugarren urtez, Nik Gernikan delako ekimenari jarraipena emango dio Gernika-Lumoko Udalak. Bada, gaurtik hasita eta abenduaren 3a arte “tokiko kontsumoan eragiteko” helburua erakutsi du toki administrazioak, udalerrian banatuko diren 20 eurotan salduko diren 6.000 bonuei esker. Guztira 150 inguru establezimenduk hartuko dute parte.

“20 eurotan salduko dira, baina 30 euroko erosketa-balioa izango dute”, esan zuen Iñigo Magunagoikoetxea Toki Garapena, Merkataritza eta Turismo zinegotziak. Udaleko arduradunak “bertoko merkataritzaren garrantziaz” ohartarazi zuen, “gure kaleei bizia ematen dietelako”. Gernika-Lumoko Udalak 10 euroko laguntza emango du, orotara 60.000 euro bideratuz Nik Gernikan kanpainaren hirugarren ediziora. Merkataritza eta ostalaritzaren egoera “nahasia” da, Magunagoikoetxeak jakinarazi zuenez. “Eta gure helburuak hauexek dira: egungo egoera ekonomikoari aurre egitea, kontsumoan ondorio negatiboak izaten ari baita; salmenten urterokotasuna arintzea; gure kaleak bizitzaz betetzea; laster baten dartorren Black Friday delakoaren eraginak saihestea eta herritarren artean kontzientziazio kanpainari ekitea”.

Inbertitutako euro bakoitzeko sei eragitea espero du merkataritza eta ostalaritza suspertzeko helburua duen kanpainak. Azken urteotako ekimenei erreparatuta, esan beharra dago 89.900 euroko aurrekontua izan zuela 2020ko kanpainak, eta eragindako gastua 540.000 eurotan zenbatu zutela; eta iazkoan 60.000 euro inbertitu zirela, eta 350.000 eurotako gastua sortu.