Santurtziko Udalak 182.979,52 euroko aurrekontua bideratu egin du Pedro Icaza kalea haurreskolarako eta Mirabueno parkerako sarbideetako batekin lotzen duten obrak egiteko. Lanak dagoeneko amaitutzat eman ditu Udalak.
Albaro Aresti Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak prentsaurrekoan azaldu duenez, “jarduketa honekin zonaldearen oinezkoen erabilera indartu da, espazioen erabilera publikoa nabarmen hobetuz eta oztopo arkitektonikoak kenduz. Pedro Ikazaren atzeko aldeko obraren ondoren, hiri-bilbe berriak sortzen jarraitu nahi genuen, santurtziarrek erabiltzeko hainbat gune kohesionatzea lortzeko”.
Egin diren jarduketetan, Pedro Icazarekin lotzen duen arrapalatik gertu dagoen horma eraitsi da, eta, beraz, zabaleran irabazi da eta oinezkoentzako pasealekuarekin lotura hobea egin da; gainera, arrapala horrek zuen malda murriztu da, eta hormak landareez estaltzeko apustua egin da. Horrez gain, saneamendu-sarea erabat berritu da, ureztatze-sistema automatizatu bat instalatu da, eragindako eremuak zolatu dira eta LED motako 14 argi berri jarri dira, eremuari segurtasun handiagoa ematen diotenak. Horrela, auzotarrek egindako eskaerari erantzun zaio.
Bestalde, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziak eremu horretan egin den paisaia-tratamendua ere azaldu du, “beste eremu batzuetan egin dugun paisaia-ereduari jarraitzen dioten pinturen bidez”. Gainera, “ekintza honekin udalerrian berdegune berriak sortzen jarraitzen dugu, 200 metro karratuko azalera naturala gehituz, non dozena bat zuhaitz landatu baitira” azpimarratu du.