Udalerriko haur parke guztiak berritzeko ekimenean, Durangoko Udalak martxan jarri ditu Txibineta auzoko jolasgunea berritzeko lanak. Horretarako, 83.495 euroko aurrekontua bideratuko du.

Egoera txarrean zegoelako itxi behar izan ostean, Sasikoan egingo diren lanak aurreko haur parkea ordezkatzea izango dute helburu. Txibitenakoak ere Arripausuetakoa ordezkatuko du, arrazoi beragatik itxi behar izan baitzen.

Era berean, hobekuntza lanak egingo dira Zabalarrako jolas gunean, kalteak zituzten zenbait elementu konpontzeko.

“Argi dugu Durangoko Udalak apustu erreala egin behar duela txikienei aisialdirako alternatibak eskaintzeko. Urte askoan mantenimendurik gabe egon ondoren, bi urtetan Otamotzena eta San Inazio parkeak amaitu ditugu, orain beste bi gune berrirekin hasi gara eta datozen hilabeteetan proiektu berriekin jarraituko dugu. Durango umeentzako herri atsegina izatea nahi dugu, eta lan handia dugu aurretik”, Aritz Bravo eta Jorge Varela zinegotziek azaldu dutenez.

Haur parke berri horiek Durangoko Udalak San Inazion eta 2021ean inauguratu zen Otamotzenako parkean egin beharreko lanekin eta Aurrekontu Partehartzaileetan bozkatuko diren etorkizuneko haur parkeekin bat egingo dute. Parke berri horiekin, udal ordezkariek haurren aisialdirako guneak hobetu eta handitu nahi dituzte.

San Inazio parkea, estalpean

Gobernu taldearen (EH Bildu eta Herriaren Eskubidea-Podemos) eta PSE-EEren arteko 2022ko Aurrekontuetarako akordioaren barruan, adostutako puntuetako bat haur parke bat estaltzea zen, eta horretarako 200.000 euroko partida gorde da. Hiru aldeek iragarri dute San Inazio parke berritua izango dela estaliko dena. Horretarako, udal teknikariak pleguak lantzen hasi dira obrak lizitaziora atera ahal izateko.