Udalerriko memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean aurrera darrai Santurtziko Udala. Oraingo honetan, herrian eta itsasoan oso errotuta dagoen irudi bat goraipatuko duen mural bat egingo du portuan.
Hamar bat urte darama Santurtzik memoria historikoa berreskuratu nahian, urteetan zehar herri baten eta bertako bizilagunen izaera eratzen joan zen zerbaiten alde bizitza eman zutenen lanari eta esperientziari balioa emateko.
Sardinera Egunaren azken ospakizunean, duela egun gutxi, Santurtzin sardinerak gogora ekartzen dituen eskultura bat inauguratu zuten. Azken urteotan hori bezalako ekitaldiak egin dira bogalari, saregile eta abarren omenez... “izan ere, herri eta gizarte gisa asko zor diegu pertsona eta talde horiei. Beraiek markatu dute gure izateko modua, gure nortasuna, eta ekintza horiekin aitortu eta balioetsi egiten dugu egin zuten guztia, gaur egun garen eta daukagun herria izan dezagun”, adierazi du prentsaurrekoan Danel Bringas Kultura zinegotziak.
Herritarrek azken aurrekontu parte-hartzaileen bidez egindako eskariari erantzuten dion mural berri hori hilabete batzuen buruan gozatu ahal izango da eta itsasoko pertsona garrantzitsu bati egingo dio omenaldia. Dagoeneko portuan dauden muralen artean egongo da, hain zuzen ere, bogalariei 2015ean egindakoaren eta saregileei 2018an egindakoaren artean, eta horiei jarraipena emango die.
Oraingoan ere Jon Mao artista santurtziarra ari da lanean. «Ez zaigu bururatzen gureak omentzeko modu hoberik, Jon Mao bezalako artista baten bidez baino, bera baita, gainera, beste bi muralak egin dituena, lan guztietan islatu nahi genuenaren funtsa bereganatu duena», gaineratu du Bringasek.
Azken hori ere trenkadi teknikarekin egingo da, mosaikoaren oso antzekoa, eta 100 metro karratuko azalera eta 29 metro linealeko luzera izango ditu. Artistaren hitzetan, “ L forma duen horma-irudi berri honekin bikoiztuko dugu horma-irudien azalera, eta arrantza-portuko dartsenari argitasun eta zabaltasun nabarmena emango diogu”, adierazi du Maok.