Lea-Artibaiko adikzioen errealitatearen “diagnostiko zehatza” egingo du Amankomunazgoak. “Drogen kontsumoa eta bestelako mendekotasunak prebenitu eta saihestuko dituen estrategiak eta ekintzak sortu eta abian jar-tzeko” helburuarekin, eta baita “herritarrak adikzioen aurrean sentsibilizatzea eta heztea” jomuga izanda, Adikzioen Prebentziorako Plana lanketarako udalerritako gizarte eragile eta gaiarekiko interesa duten herritar guztiak parte hartzera deitu dituzte.

Abian jarritako planak etapa desberdinak izango ditu. Lea Artibai Amankomunazgoko egungo egoeraren diagnosi integral bat egingo du lehendabizi, “antzemandako beharrizanekin plangintza bat ezarriz”. Plan berri honek beste adikzio mota batzuk barne hartzeaz gain (bideojokoak, apustuak, sare sozialak, etab.) gazte, familia, erakunde eta elkarteen parte hartzea ere sustatuko du. “Diagnosi honek udalerrian drogen kontsumoarekin eta bestelako adikzioekin, zein hauei loturiko arrisku eta babes faktoreekin lotutako errealitatea ezagutzeko balioko du”. Dagoeneko pauso batzuk eman dira, izan ere, 12 eta 18 urte tarteko udalerrietako ikastetxeetako ikasleei bere bizi-ohituren kontsumoen eta bestelako erabilpenen inguruko galdeketa egiten hasi dira jada.

Ostean talde ezberdinetan banatutako foroak egingo dira, gizarte ordezkaritza zabalak gonbidatuz. Honetaz gain, herritar orok bere iritzia emateko aukera izan dezan, udaletako web-orrialdeetan gaiaren inguruko inkesta bat eskegiko da. Azken fase batean, osasunerako prebentzio, sentsibilizazio eta hezkuntza zein arlo komunitarioan garatu daitezkeen neurri zehatzagoak definituko dira. Azkenik, 2023ko otsailerako plan honetan jasotako emaitzak ezagutzera emango zaizkie herritar guztiei.