Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta aurreko bi edizioak bertan behera utzi behar izan ondoren, Sanfaustoak berreskuratuko ditu aurten Durangok. Hala, Udalak zerbitzu guztiak indartuko ditu egun horietan dena ondo atera dadin, bereziki garbiketa-zerbitzua.
Garbiketa zerbitzuaren kasuan, igoera nabarmena izango da; izan ere, 2019ko Sanfaustoetan, normaltasunez ospatu ziren azkenetan, baino %54 garbiketa langile gehiago egongo dira. 2019an 148 pertsona aritu ziren kaleak garbitzen, eta aurten 228 izango dira.
Garbiketa zerbitzu bereziak ere gora egingo du egun kopuruetan; izan ere, bost egun izan beharrean, sei egun berezi izango dira aurten. Goizero 38 pertsona aterako dira kaleak garbitzera, eta horietatik seik arratsaldeetan ere egingo dute zerbitzua (2019an bi langile baino ez zeuden arratsaldetan).
Gainera, baliabide materialak ere handitu egingo dira, egunean 24 garbiketa makina aterako baitira kalera, 2019ean 16 ziren bitartean. Besteak beste, bost baldekatze kamioi, sei barredora, hondakinak biltzeko hiru kamioi eta auzoetarako 10 garbiketa ibilgailu egongo dira.
“Durango garbi eta seguru mantentzeko asmoz aurreikuspenarekin jokatu behar dugu. Dena den, herria garbi eta seguru mantentzeko modurik onena norberarengan hasten da, izan gazteak edo izan helduak. Horregatik, gure bizilagunei gizalegez eta erantzukizunez jokatzeko eskatzen diegu”, adierazi dute dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.
Bestalde, Udaltzaingoak ere dispositiboa handituko du datozen egunetarako, eta, beraz, plantillaren bikoitza izango du jende gehien biltzen den egunetan.