Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta aurreko bi udak murrizketekin igaro behar ondoren, uda honetan normaltasuna itzuli egin da. Orain, uda amaitu ostean, balantzea egiteko garaia da.

Uda sasoian turisten sarrera eta igarotako gau kopuruak oso positiboak izan dira. Pandemiaren aurreko zifrak gainditu dira: % 12,55 eta % 10,33 igo dira, hurrenez hurren, 2019ko udarekin alderatuta, eta 561.342 bisitari eta 1.149.046 gaualdi izan dira aurtengo ekaina eta abuztua bitartean. Bilbok jarraitzen du izaten turisten kontzentrazio-gune nagusia (hotel-establezimenduetako sarreren % 66,5), nahiz eta ikusten den turistek gero eta interes handiagoa dutela lurraldeko beste gune batzuk ezagutzeko eta bisitatzeko.

Hala islatzen dute gaur goizean Ainara Basurko andreak, Ekonomia Sustatzeko Sailaren foru diputatuak, aurkeztutako Bizkaiko Turismo Behatokiaren emaitzek. Bertan adierazten denez, lurraldeko hiriburua eta Busturialdea-Urdaibai dira uda honetan bisitari gehien izan dituzten guneak. Gainera, bisiten fluxuak eskualdeetara birbanatzeko azken aldian sendotzen ari den joerarekin bat etorriz, zenbait datu jaso dira, hala nola Ezkerraldeak izan duen hazkunde handia, egonaldian bisitatu dutela dioten turistak % 25,3 izatetik % 52,9 izatera igaro baitira.

Lea Artibai (% 9,6tik % 34,6ra), Arratia Nerbioi (% 1,1etik % 9,2ra), Uribe Kosta (% 17,3tik % 23,2ra) eta Enkarterri (% 3,2tik % 6,5era) eskualdeek ere igoera esanguratsuak izan dituzte. Busturialdea-Urdaibaik, Eskuinaldeak eta Durangaldeak ere hazkunde interesgarriak izan dituzte bisitaldian, baina aurreko kasuetan baino apalagoak, eta Bilbok murrizketa izan du 2019arekin alderatuta: 2019an bisitatutako turistak % 94,8 izatetik aurtengo udan bisitatu dutenak % 83,2 izatera igaro dira.

Gastuaren gehikuntza

Bizkaiko Turismo Behatokiak jasotzen duen beste adierazle positibo bat turistek egonaldian egiten duten gastuaren hazkunde nabarmena da, % 49,2ra iritsi baita, batez beste 794,4 eurora.

Oro har, atzerriko merkatuetatik etorritakoek estatuko turistek baino % 6,3 gehiago gastatu zuten. Lehenengoen artean, gastu handiena britainiarrek egin dute (1.015,8 euro), 2019an batez beste ordaintzen zutena ia bikoiztu baitute (575 euro) eta txikiena Alemaniatik etorritakoek (768,4 euro), nahiz eta ia 200 euro handitu duten gastua 2019aren aldean.

Estatuko merkatuan Andaluzia nabarmentzen da, 819,3 euroko batez besteko gastuarekin (2019an 574,80 eurokoa zen), eta Madrilek du gastu txikiena: 785,4 euro egonaldi bakoitzeko.

Ostatua eta jatetxeak dira gehien gastatzen diren arloetako kontzeptuak (batez beste 333,3 euro ostatuan eta 255,9 euro jatetxeetan), baina helmugako jarduerek hazkunde nabarmena izan dute gastuan: 2019ko udan egonaldi bakoitzeko 60,2 euro ziren batez beste, eta 2022ko udan 129,3 euro. Estatuko merkatua da horietan gehien inbertitzen duena (130,6 euro, atzerriko 125,3 euroren aldean).

47 urte ditu eta aisialdiagatik bidaiatzen du bikotekidearekin

Uda honetan lurraldea bisitatu duten gehienak, Bizkaiko Turismo Behatokiak bildutako datuen arabera, estatu-jatorrikoak dira (% 53), 47 urte dituzte batez beste, eta aisialdiagatik bidaiatzen dute bikotekidearekin beren ibilgailuan. Batez besteko egonaldia 5 gauekoa da eta ostatu hartzeko aukera nagusia hotela da.

Turistek gehien egiten dituzten jarduerak kultur edukikoak -interes kulturaleko zentroak eta museoak bisitatzea, euskal kultura ezagutzeko jarduerak-, gastronomikoak -pintxoak edo plater tipikoak jatea, adibidez- eta kaleko ibilaldiak dira.

Uda honetan Bizkaia bisitatu dutenek beren aurreikuspenak oso betetzat jo dituzte (10etik 8,2 puntu), eta bereziki baloratzen dute garraio publikoaren irisgarritasuna eta mugikortasuna, 10etik 9,13ko puntuazioa ematen baitiote. Ibilbideek 8,18 jasotzen dute, eta ostatuek 8,02, museoei edo intereseko zentro turistikoei ematen dietenaren oso antzeko nota (8,01).

Ostalaritza-establezimenduei dagokienez, positiboki baloratzen dituzte jasotako arreta eta zerbitzua (8), iraunkortasunarekiko konpromisoa (7,9) eta langileen adeitasuna (7,9), eta lurraldeko ostalaritza-establezimenduen indarguneak.

Nabarmentzekoa da, halaber, erregistratutako errepikapen-tasa, % 65ek baino gehiagok gutxienez lehenago bisitatu baitzuten Bizkaia, 2019ko udan ez bezala, orduan 10 turistatik 7k lehen aldiz bisitatu baitzuten lurraldea. Gainera, aurretik egon den % 65aren heren batek 3-5 aldiz egin du.

Txangozaleak

Turismoaren Behatokiak txangozalearen figurarako monitore bat jaso du, eta uda honetan bildutako datuen arabera, 10etik 8k ez dute ostaturik behar. Hori dela eta, bisitaren amaieran etxera itzultzen diren hurbileko bisitariak dira, eta % 14k beste destino batean igarotzen dute gaua, eta Bizkaira etortzen dira eguneko bisitan. Txangozale horien batez besteko adina 47 urtekoa da, eta gehienek beren ibilgailuan bidaiatzen dute bikotekidearekin batera, 7,4 orduko egonaldia egiteko.

Pertsona horien % 95 estatukoak dira, eta egiten dituzten jarduera nagusiak gastronomikoak (% 90,3) eta paseatzekoak (% 84,2) dira, nahiz eta jarduera kulturalak ere nabarmentzen diren (% 62,3). % 90 baino gehiago aurretik gutxienez behin bisitatu zuten Bizkaia, 2019an ez bezala, urte horretan kopurua % 68 inguru baitzen.

Turistekin gertatzen den bezala, txangozaleek ere gure lurraldean egiten duten gastua handitu dute, baina kasu honetan igoera txikiagoa izan da. Gastu horren batez bestekoa 58,7 eurokoa da, hau da, 2019an baino % 2,3 gehiago, baina kopuru hori Bizkaian ostatu hartzen ez dutenek gainditzen dute, 78,9 euro gastatzen baitituzte bisitan.

Gehien gastatu duten kontzeptua erosketak izan dira, batez beste 50,9 euro pertsonako, hau da, egonaldian inbertitutako aurrekontuaren % 75. Jardueretan, batez beste, 23 euro gastatzen dira pertsonako, eta Bizkaitik kanpo ostatu hartzen duten txangozaleek gastatzen dute gehien kontzeptu horretan (28,6 euro).

Egonaldian zehar egindako jarduerak honako hauek dira, hurrenkera honetan: jarduera gastronomikoak, kale-paseoak eta kultura-jarduerak. Ondoren, urrutitik bada ere, kirol-jarduerak eta parke naturaletara egindako bisitak daude (azken horiek, 2019ko datuekin alderatuta, nabarmen egin dute gora). Horregatik, txangozaletasunak nabarmen egin du gora barnealdeko lurraldeetan.

Enkarterrik uda honetan inkestatutako txangozaleen % 28,7ren bisita jaso du (2019an % 3,2); beste % 12,2k Arratia-Nerbioi aukeratu zuen txangoa egiteko (% 6,1 2019an) eta Durangaldea bisitarien % 14,3ra iritsi zen, eta duela hiru urteko udan, berriz, % 10,4ra.

Gehien bisitatzen diren eskualdeak Enkarterri eta Uribe Kosta dira (% 20,2), eta, turistekin gertatzen den bezala, Bilbo bisitarako aukeratzen duten txangozaleen kopurua nabarmen jaitsi da, 2019an % 50,5 izatetik udan % 19,8 izatera igaro baitira.

Bizkaiko gizartearen pertzepzioa

Turismoaren Behatokiak ere aztertzen du bizkaitarrek nola bizi duten turisten presentzia. Ildo horretan, azpimarratu behar da uda honetan bildutako datuei jarraituz herritarren artean handitu egin dela turismoa onuragarria dela dioen pertzepzioa -hala uste dute inkestatutako pertsonen % 97,4k, eta 2019an, berriz, % 96,9k-, eta, gainera, harrotasun sentimendu handia dago hainbeste turistak Bizkaia bisitatu eta ezagutu nahi dutelako (inkestatuen % 93,8k adierazi du harrotasun hori sentitzen duela); hala, sentimendu hori hazi egin da 2019arekin alderatuta, orduan % 87,8k aipatzen baitzuen.

Inkestari erantzun diotenek turisten portaera ona (% 88,7) eta turisten eta egoiliarren arteko bizikidetza bikaina (% 87,5) nabarmendu dituzte, eta 2019an zuten pertzepzioa ere hobetu dute (% 80,6 eta % 78,6, hurrenez hurren, 2019an).

Bizkaiko ekonomiarentzat aukera bat izanik turismoa zaindu behar delako pertzepzioa handitu da, baita turismoari esker lan-aukerak sortzen direlako ustea ere. Gainera, gizartea ados dago turisten presentzia bateragarria dela nortasun kulturalari eustearekin (8,16, 2022ko udan, eta 7,91, berriz, 2019ko udan).

Bizkaiko Foru Aldundiak egiten duen turismoaren kudeaketari dagokionez, lurraldeko 10 biztanletik 8k positibotzat edo oso positibotzat jotzen dute, eta 7,7 puntuko batez besteko kalifikazioa ematen diote, 2019an ematen zizkioten 7,4en aldean. % 4,2k soilik uste du negatiboa dela, eta portzentaje hori jaitsi egin da 2019aren aldean, orduan % 6,1ekoa baitzen. Ondoen baloratutako ekintzak lurraldearen nazioarteko sustapena, lankidetza publiko-pribatuaren koordinazioa eta sustapena eta lurraldeko eskualde eta udalerrietarako turismo-estrategien diseinua dira.

Azkenik, 10 egoiliarretik 9 ados daude Bizkaiak turista gehiago erakartzen jarraitu behar duela eta turismoa aukera bat dela Bizkaian industria turistikoa garatzeko. Espazio publiko batzuen masifikazio/aglomerazio/saturazio arriskua da Bizkaian turismoaren kudeaketa jasangarria egiteko kontuan hartu beharreko alderdirik nabarmenena (% 31,1).