Síguenos en redes sociales:

Ostiralean hasiko da Munoa Bizi jaialdia

Atrakzioak, musika eta antzerkia izango dira protagonista nagusiak asteburu honetan Munoa Finkan, irailaren 30etik urriaren 2ra bitartean ospatuko den Munoa Bizi jaialdia dela eta.

"Normaltasuna berreskuratuta dator gertakizuna, musukorik, edukiera mugarik eta bestelako murriztapenik gabe; beraz, ekitaldi berezia izango da", esan du Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria arloko zinegotzi Nerea Canterok. 

Hau dugu Munoa Biziren seigarrena, 2017 ekin baitzion bideari. Egindako ibilbidearen karietara, seigarren honek Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko Sailaren sostengua izan du. Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde lehiakortasuneko eta Turismoko zuzendari Cristina Múgica izan da aurkezpenean, eta parte hartzera animatu ditu Barakaldo, Bizkaia eta inguruan turismoa egiten ari direnak.  

Jaia ostiralean, hilak 30, hasiko da, eta asteburu osoan Munoa parkeko hainbat tokitan jarriko diren ikuskizunak garatuko dira, Udal Kontserbatorioko taldeen, Udal Musika Bandaren eta Txistu Bandaren musikaz lagunduta, eta ipuin kontalariekin, zirku-ikuskizunekin, dantzarekin eta XX. mende hasierako giroa birsortzeko asmoz familiei zuzendutako antzerkiarekin. Gainera, ile-apainketako eta makillajeko karakterizazio-eremua berreskuratuko du, baita alderdi gastronomikoa ere, familia-animazioan espezializatutako artistekin.

"Gogoz itzuli da Munoa Bizi, gozatzeko, ondo pasatzeko eta Barakaldon dugun altxorra - 2016an Monumentu Multzo izendatutako Munoa Finka - ezagutzeko gogo biziz", gogoratu du Canterok. "Hori baita gure programaren helburuetako bat, hain zuzen ere, Munoa finka eta jauregia bera  - gure ondare eta iraganaren sinboloak - jolasaren bidez ezagutaraztea", nabarmendu du zinegotziak, herritarrak gertakizunean parte hartzera gonbidatuz.