Datorren urteko udal aurrekontua egiten hasi aurretik, herritarren iritziak ezagutu nahi ditu Mundakako Udalak. Bada, “erraz egin leiken” partaidetza prozesua abiarazi dute, herriak dituen beharrizanei buruzko inkesta egiteko, eta lehentasunak eta ekintzak planifikatzeko. Udaletxeko bulegoan, Udal Liburutegian, Turismo Bulegoan edo munizipalei eskatuta dira eskuragarri galdetegiak.

“Udalak urriaren 5era bitartean jasotako ekarpen guztiak aztertu eta bere eskumen eta gaitasun ekonomikoaren markoan, kontutan izango ditu 2023ko aurrekontua egiterako orduan”, adierazi dute Irati Gondrak zuzentzen duen Udaletik. Lehendabiziko ariketan, lehentasunak ezarri beharko dira, zazpi kategoria ezberfdinetan sailkatuta. Bigarrenean, berriz, onuragarriak izan litezkeen ekintzak zehazti behar dira.