Síguenos en redes sociales:

Derioko biztanleek bost proiekturen artean bozkatu ahal izango dute aurrekontu parte-hartzaileetan

Derioko biztanleek bost proiekturen artean bozkatu ahal izango dute datorren ekitaldirako aurrekontu parte-hartzaileetan. Bozketa irailaren 28tik urriaren 10era bitartean egingo da.

Aurtengo edizioan, parte hartze prozesuan 70 proposamen bildu dira guztira, eta ideiak jasotzeko epea ekaina eta uztaila bitartean izan zen. Jasotako 70 proposamenetatik 58 Udalaren webgunean jarritako formularioaren bidez helarazi dira. Gainerako ideiak posta elektronikoz jaso dira.

Esther Apraiz alkateak "oso positibotzat" jo du deriozarrek urtez urte udal baliabideak nora bideratu erabakitzeko erakusten duten interesa. “Udal kontuen kudeaketa ireki, garden eta parte-hartzailearen aldelan egiten jarraitzen dugu”, azpimarratu du alkateak.

Jasotako proposamen guztien tipologia ikusi eta bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertu ondoren, Udalak jasotako ideia eta eskaera gehienak biltzen dituzten 5 proiektu aurkeztu ditu.

Bozkatu beharreko proiektuak hurrengoak izango dira:

  1. Larrabarri eta Santiago kaleen artean pumptrack eremu berria eraikitzea, nerabe eta gazteei zuzendua: Bizikleta, skatea, scooterra edo edozein objektu irristakor erabiltzen ikasteko aukera ematen duten oztopo eta bihurgunetatik igarotzen den ibilbidea da. 100.000 EURO.
  2. Bere kabuz garbitu daitekeen komun publiko berri bat Errekalde Parkearen inguruan: 55.000 EURO.
  3. Birziklatze-puntu "bisualki lagunkoia" eta funtzio anitzekoa jarri nahi da hirigunean bertan, garbigunera joan-etorriak saihesteko: Sarrera anitzeko biltegia da, eta honako hondakin hauek utz daitezke bertan: Etxetresna elektriko txikiak, sukaldeko olioa eta tresneria, telefono mugikorrak, kableak, pinturak eta disolbatzaileak, aerosolak, xurgatzaile kutsatuak, tonerrak, tinta-kartutxoak, metalezko kapsulak, kapsula plastikoak, pilak, CDak, DVDak eta kaseteak, erradiografiak, etab. 18.000 EURO.
  4. Azalera sintetikoko minigolf pista instalatzea: proiektuan, pistaren instalazioa baino ez da sartzen, pista erabiltzeko behar diren elementuak (makilak, pilotak, etab.) erabiltzaile bakoitzak jarri beharko ditu. 13.000 EURO.
  5. Zuhaitz autoktonoen landaketa: Zuhaitzen, heskaien, zuhaixken eta landareen espezie autoktonoak landatzea udalerriko hainbat eremutan (biribilguneak, uribe parkea, udako igerilekuak, autobia-errekatxueta eremua). 17.000 EURO.

Ildo horretan, derioztarrek erabakiko dute zein proiektu sartuko diren 2023ko udal-aurrekontuetan, eta toki-administrazioak 120.000 euroko partida bat erreserbatu du horiek martxan jartzeko.

Bozketan Derion erroldatutako 7 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izango du, pertsona bakoitzeko boto bakarrarekin. Horretarako, formulario digital bat jarriko da abian udalaren webgunean. Proiektu bakoitzari bere deskribapena eta aurrekontua erantsiko zaizkio. Parte hartu nahi duten bainabeharrezko ezagutza edo baliabide digitalak ez dituzten pertsonentzat, Udalak haien esku jarriko ditu GERTUAN Herritarrentzako Arreta Bulegoko eta Kultur Birikako langileak, parte har dezaten errazteko.

Urriaren 17an argitaratuko dira bozketaren emaitzak, webgunean eta udal taulan. Ondoren, onartutako ekimenen jarraipena eta kontrola egingo da, Derioko 2023ko aurrekontu-proiektuan sartu eta gauzatu arte.

Udal-gobernutik partaidetza-faseek ondo funtzionatu dutela nabarmendu da, eta derioztarrek politika publikoen erabakietan aktiboki parte hartzeko duten borondate argia erakusten dutela adierazi dute.

Gogoratu behar da aurten ere prozesuan 7 eta 16 urte bitarteko haurrek eta gazteek parte hartu dutela, Derioko Umeen Kontseiluak eta Udalak elkarrekin egindako lanari esker.