Plentziako Udalak 180.000 euroko aurrekontua bideratu egingo du Astilleroko parkeko jolasgunea berritzeko. 140.000 euro erabiliko ditu estalkia jartzeko, euria egiten duenean umeek jolas dezaten; eta gainerako 40.000 euroak, joko berriak instalatzeko bideratuko ditu. Lehendabizi estalkia jarriko da, eta lan horiek amaitzerakoan jarriko dira joko berriak.

Hasi berri diren obren helburua bikoitza da. Alde batetik, udalerriko umeek aukera izatea olgetarako eta eremu horretaz gozatzeko edozein dela ere eguraldia. Eta beste alde batetik, umeen eremua guztiz berritzea, eta, horretarako, olgeta-elementu berriak ipiniko dira, eta zoladura berri bat ere bai, malgua. Honako elementu hauek ere ezarriko dira, besteak beste: zabuak, txirristak eta beste osagai batzuk, hainbat trebetasun lantzeko, hala nola zalutasuna eta oreka.

Jarduera hau pasa den maiatzean udal gobernuak aurkeztu zuen “Entzun eta Ekin” Planaren barruan kokatzen da. 2022an eta 2023an hiria biziberritzeko inbertsio-plan berezia da, Plentziako auzo guztietan eragina izango duena. Plan horrek 1.859.100 euroko zuzkidura du, eta, guztira, 10 premiazko proiektu biltzen ditu, aurtengo urtarrilean eta otsailean egindako inkesta soziopolitikoan plentzitarrek adierazitako beharrei eta arazoei erantzuteko. Inkesta horretan 350 elkarrizketa egin ziren herriko bizilagunen artean, telefonoz.

“Aisialdiko guneak eta, zehazki, Astilleroko haur-parkea hobetzea izan zen inkesta soziopolitikoan eta maiatzean eta ekainean egin genuen Auzoekin Bat parte-hartze eta entzute aktiboko programako topaketetan jaso genuen eskaera nagusietako bat. Ekimen horri esker, auzoen beharrak eta hobekuntza-ekintzak bertatik bertara ezagutu ahal izan genituen, Plentziako bizilagunen iradokizunak eta ekarpenak jasoz. Beraz, jarduera honek herritarren nahiari erantzuten dio”, adierazi du Elixabete Uribarri alkateak.