Herritarren artean irakurlezaletasuna sustatzeko helburuarekin, hiru irakurle klub jarriko ditu martxan Barakaldoko Udalak irailetik aurrera. Saioak erabat doakoak izango dira, eta udal liburutegietan egingo dira. Datorren astelehenean irekiko da parte hartzeko izena emateko epea.
Liburutegi nagusian eta San Bizentekoan eta Gurutzetakoan egingo da. Liburutegi nagusikoa helduentzat izango da. Iñigo Larroquek dinamizatuko du, eta gehienez 15 lagunek hartu ahal izango dute parte. Hilean, bi ostegunez bilduko dira, literaturan murgildu eta sakontzeko, gaztelaniaz. Ordutegia, 18:30etik 20:00etara.
San Bizenteko liburutegiak, ordea, euskarazko literatura izango du ardatza, eta horkoa ere, helduentzat. Hilean, ostegun bakar batez jardungo dute, 90 minutuko saioan. Talde, gehienez 15 lagunekoa, Elena Fernández idazle barakaldarrak dinamizatuko du. Ordutegia, 18:30etik 20:00etara.
Gurutzetan sortuko da hirugarren irakurle kluba, eta 7tik 9 urtera bitarteko haurrei zuzenduta egongo da. Honako honetan, ostera, 12 lagun baino ez ditu izango taldeak, eta hileko astearte bakar batean bilduko dira, 60 minutu iraungo duen saio batean. Ana Apika izango da oraingo honetan jardueraren dinamizatzailea, eta euskaraz arituko dira. Ordutegia, 18:00etatik 19:00etara.
Nola eman izena
Epea irailaren 5etik 14ra izango da, egun biak barne, hiru klubetarako. Dauden tokiak baino jende gehiagok eman badu izena, udalerrian erroldatutakoek izango dute lehentasuna. 2022/2023ko ikasturte osorako izango da izen-ematea, eta udaleko webgunean eta udal liburutegietan gauzatuko da.
"Jarduera honen bidez, gure bizilagunen artean irakurtzeko ohitura sustatu eta sendotu nahi dugu, giza harremanak bultzatzeko aukera eman nahi dugu, autoestimua sustatu nahi dugu horietan parte hartzen dutenen artean, besteen iritziak errespetatzen ikasi nahi dugu, eta irakurketa ekintza ludikoa, kritikoa eta gogoetatsua bihurtu nahi dugu", adierazi du Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteria arloko zinegotzi Nerea Canterok, herritarrak parte hartzera animatuz.