Kooperatibek indar nabaria dute Lea Artibai eta Busturialdeko ekonomian. Kooperatiba nagusiak batzen dituen Mahaiaren datuei erreperatzea baino ez dago errealitate horretaz jabetzeko. Eta nahiz eta “munduan kaosa eragin duen pandemia baten ondorioz urte zailak igaro” dituzten, elkartea osatzen duten enpresak osasuntsu direla azpimarratu beharra dago. Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Maierrek “eragin handia” dute Lea-Artibai eta Busturialdeako gizartean eta ekonomian. Hala ondorioztatu daiteke euren iazko datuak ezagutu ostean. Guztira, 2.123 lanpostu sortzen dituzte, horietako %36ko portzentaia emakumezkoena delarik. Bazkideen zenbakiak ere antzerakoak dira. 1.800 daude, %30a emakumea delarik. Eta fakturazioa ere goraipa-tzekoa da: 513.785.061 euro. Urtero “inguruaren eraldaketa sozialerako ekarpena indartzen” ari diren eragileak direla azpimarratu dute.

“Nazioartekotzea azpimarratu beharreko beste alderdietako bat da, Mahaia osatzen duten kooperatiba industrialek 20 lantegi baitituzte nazioartean. Gainera, 2021ean salmentetan egin zituzten 500 milioi euroetatik % 87,26 esportazio-salmentak izan ziren”, nabarmendu dute Kooperatiben Mahaiko informazio-iturriek. Txostenak, gainera, industria-enpresa horiek Lea-Artibai eta Busturialdea eskualdeetan duten eragina frogatzen duten beste datu ba-tzuk aurkezten ditu, bai eta ingurunearekiko duten lotura ere. “2021ean, kooperatibek 15 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten bi eskualdeetako enpresen produktuak eta zerbitzuak kontratatzera, eta beste 1,4 milioi euro inguruko garapen ekonomiko eta sozialerako KOFIP funtsetara”.

Kooperatibetan euskararen presen-tzia ere oso esanguratsua da, “izan ere, industria enpresa horietako langileen % 90ak euskara ezagutzen du, eta datu horrek berebiziko garrantzia du euskararen aldeko apustu handia egiten duten erakunde horientzat, bai euskararen plan eta batzordeen bitartez, eta baita elkarrekin antolatzen dituzten euskararekin lotutako jardueren bitartez. Hala erakusten dute erakunde horietako batzuek lortutako Bikain ziurtagiriek eta Lauaxeta eta Abadia sariek”. Enpresa handiak diren heinean, ingurumenaren aldeko konpromisoa ere esparru garrantzi-tsua da. Bada, Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Maierrek, “ISO 14001 Ingurumen Kudeaketaren ziurtagiria dute, industria-enpresa horiek ingurumenarekiko duten konpromisoa frogatzen duena”. Ziurtagiriaren eskakizunak “erakunde bakoitzaren lan-inguruneak, garatzen duen industria-prozesuak eta bere prozesuek ingurumenari eragiten diotela onartzeko konpromiso-mailak baldintzatzen dituzte”.

Berritasunei dagozkienez, esan beharra dago Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide eta Maier kooperatiba industrialez gain, Laboral Kutxa ere Kooperatiben Mahaiko kide dela. Elkartea handitzen doala esan genezake, baita kooperatiba berrien sorkuntzan laguntzen: 2003an, erakunde horiek indarrak batzea erabaki zuten, talde-lanari ekiteko helburuarekin, eta 2008an Kooperatiben Mahaia Elkartea sortu zuten, Leartibai Fundazioaren laguntzarekin, lankidetza-mahai hori dinamizatzeko. “Urte hauetan zehar, Mahaiak 61 kooperatiba berri sortzen lagundu du Lea-Artibai, Busturialdea, Durangaldea eta Debabarrena eskualdeetan, eta horietako 38k, guztira, ia 400.000 euroko zuzkidura ekonomikoa jaso dute hasierako inbertsioak finantzatzeko”.

Filosofia lantzen Kooperatiben filosofian eragiteko, Mahaiak hezkuntza lana ere betetzen du. 2017an Mahaiak urratsa berri bat ematea erabaki zuen, ordura arte egiten zuten ekarpena areagotu eta Talentatu proiektua abiarazi zuten, “bi eskualdeen eraldaketa soziala bultzatzeko asmoz. Egitasmo honen ardatz nagusia eskualdeetan talentua sortzea, erakartzea eta mantentzea da: ikasleen artean Steam ikasgaiak sustatzea (Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics), eskualdea ezagutaraztea, nortasun-sentimendua lantzea, inguruko industria-sareari buruzko informazioa ematea eta enpresek lanbide-profilei dagokionez dituzten talentu-beharrak azaltzea”. Eskualdeko 25 ikastetxeetako 2.000 ikasle baino gehiagok jarduera ugari egiten dituzte ikasturtean zehar: “kooperatibetara eta enpresetara bisitak, kooperatibetako bazkideen bisitak ikasgeletara, hitzaldiak, kooperatibetan egun bateko egonaldiak, udalerrien arteko trukeak, erronkak ebaztea, inguruko emakume zientzialariei bideo-elkarrizketak, Zientzia eta Teknologiaren Eguna, etabar”.