Abuztuaren 22an, 8:00etatik aurrera hasiko dira obra lanak Itsasadarreko errepidea aldatzeko. Errepidea oinezkoen bide batean bihurtuko da eta horretarako Lamiakoko dartsenatik igarotze-bidea itxiko da egokitze-lanak hasteko. Oinezko bideaz gain, bizikletentzako gune bihurtuko da Leioako errepidea. Beraz, ordutik aurrera, ibilgailuen zirkulazioa Felipe del Rio kaletik igaroko da behin betiko.
Guztira, BI-711 errepidearen 800 metro oinezkoentzako eta bizikletentzako espazio bihurtuko dira, aisialdirako espazioekin. Jarduera honekin Leioak bere zatia betetzen du, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbo bi ertzetako udalerriekin lotuko duen boulevard proiektuarekin aurrera egin dezan.
Aldi berean, bidegorri zati berri honek nabarmen aberastuko du Leioako bidegorri sarea. Dena batera, Leioako metro geltokiarekin lotuko da, eta hortik bi norabidetan banatuko da: Lamiakoko metro geltokira edo Udondoko Bulebarrera, Sarrienaraino jarraituz. Metroaren bi geltokiak eta Leioako geltokia itsasadarrarekin lotuko dituzten zatiak proiektu-fasean daude gaur egun, eta aurtengo azken hiruhilekoan lizitatuko dira.
IRAUNKORTASUNAREN ALDEKO APUSTUA
Leioak urrats sendoa eman du iraunkortasunerantz, garraio iraunkorraren aldeko apusturantz, eta oinezkoentzako gune seguru eta atseginak sortzen jarraitzen du. Horrela, itsasadarrera begira dagoen aisialdirako gune berri bat lortzen du, aire zabaleko jarduera osasungarriez gozatzeko aukera ematen duena, hala nola bizikleta, patinajea edo baita ibilaldi atseginak ere.