Abadiñoko Udalak uda ostean lizitatuko ditu lur-jausiek kaltetutako Untzillako errepidea konpontzeko. Horretarako, Udalak 107.806 ueroko aurrekontua bideratuko du, uztailean osoko bilkura batean onartu bezala.
Obren helburua iazko azaroan eta abenduan, euriteen ondorioz, Untzilla auzora sartzeko errepidean izandako bi lur-jausi egonkortzea da. Lur-jausi handiena lubetaren aldean gertatu zen, eta hormigoizko bidean eraginik izan ez zuen arren, gune ezegonkorra sortu zuen. Gune hori handitzen bada bidean eragina izan dezake. Puntu horretatik 200 bat metrora, antzeko ezaugarriak izan zituen beste lur-jausi bat gertatu zen, baina txikiagoa.
Lur-jausiak gertatu ziren unean, eremua berehala seinaleztatu eta arekak, zuloak eta hodiak konpondu eta garbitu ziren arren, bidea eta mendi-mazela egonkortzeko lanak egitea falta da; horretarako, lehenengo kasuan, errail inklinatuak dituen pantaila bat egin behar da, eta bigarren punturako harri-lubetazko horma bat egin behar da. Proiektuaren aurrekontua 68.183 eurokoa da (BEZ barne), eta gauzatzeko epea hilabetekoa, esleipenaren unetik aurrera.
Osoko Bilkurak onartutako aurrekontu handitzea, gainera, Sagastako errepidean zenbait lan egiteko ere erabiliko da, beste lur-jausi batek bertan eragina izan zuelako. Bere garaian, galtzada berritu eta ingurua egokitu zen, baina lurra egonkortzeko beste lan batzuk egitea falta da. Untzillako eta Sagastako lanen helburua behin betiko konponbidea ematea da, landa inguruneetako bide horien ingurunearen egonkortasuna eta segurtasuna bermatzeko.