Bizkaiko Foru Aldundiak bat egingo du lurraldeko udalekin eta gizarte entitateekin Ondareari buruzko Europako Jardunaldien edizio berria antolatzeko. Aurtengoa 22. edizioa izango da.
Duela bi hamarkada baino gehiago, urria Bizkaiko Kultura Ondarearen hilabete bihurtzen da. Edizio bakoitzean Bizkaiko Foru Aldundiak udalekin eta kultura- nahiz gizarte-entitateekin lankidetzan dihardu programa osoa, anitza zein askotarikoa egiteko eta lurraldeko eskualde guztietara iristeko.
Oraingoan, foru erakundea 22. edizioa prestatzen ari da, herritarrak lurraldeko kultura-ondarearekin topa daitezen. Hala, urrian Bizkaia guztian zehar egiten diren zenbait jardueraren bitartez, lurraldeko historia eta nortasunaren zati den ondarea bestelako moduan erakutsiko da.
Ondarea loratuz, gozatu! Ondare jasangarria izango da 2022ko urrian Bizkaian garatuko diren jarduera guztien ildo nagusia.
Bizkaiko Foru Aldundia, ekimen honen koordinatzailea, eta entitate partaideak zenbait hilabetetan lan-bileretan elkartu dira, ondarearen inguruan hedapen- eta ospatze-programa berria diseinatzeko eta, modu horretan, Europako ekimenari batzeko.
Aurretiazko hilabete hauetan talde koordinatzailea Bizkaiko eskualdeetara joan da entitateetako ordezkari-talde oparoari (udalak, kultura-elkarteak, museoak eta beste kultura- eta gizarte-talde batzuk) gai berria aurkezteko. Helburua da sarean lan egitea eta kultura-ondarea beste ikuspuntu batzuetatik lantzea. Aurkezpenak Markina-Xemein (Lea Artibaiko eskualderako), Bermeo (Busturialdea), Karrantza (Enkarterri eta Ezkerraldea), Dima (Arratia Nerbioi) eta Durangon (Durangalderako) egin dira.
Tokiko eta eskualdeko eragileekin egindako bileretan 2030eko Agendako eredu eta adierazle berriak, bai eta garapen jasangarrirako helburuak ere aurkeztu eta azaldu dira.
Pertsonak eta planeta ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-garapenaren erdian
2030eko Agendak jasangarritasuna defendatzen du, halako garapenarekin oraingo beharrak asetzen baitira etorkizuneko belaunaldien beharrak arriskuan jarri gabe.
Xede horrez, Agendak ekintza-plan bat proposatzen du, eta garapen jasangarrirako 17 helburu (GJH) ditu. Elkar lotutako ekintza-esferatzat hartzen dira, eta kulturak nahiz sormenak guztietan zeharkako zeregina dute.
Kultura-ondarea (materiala eta immateriala) eta sormena arretaz kudeatu eta babesteko baliabideak dira. Biek GJHak lortzeko orduan bultza eta susta ditzakete.
Bizkaiko Ondarearen Europako Jardunaldiak gure kultura- eta ondare-profesionalek egungo eta etorkizuneko belaunaldiek ondare-baliabideez gozatzen dutela bermatze aldera, garatzen duten lana azpimarratzeko aukera izan daitezke. Urriko ekimenari esker, errazago ulertuko dira natura-ondarearen arteko konexioak, lurraldean nola bizi garen eta gure paisaiekin erlazionatzeko modua nolakoa den. Aukera paregabea eskaintzen dute kultura-lekukotza mantentzeari eta kultura-ondare immaterialaren jardunbide eta adierazpenak eskualdatzeari begira tokiko erkidegoen lana azpimarratzeko.