Mendeetako tradizio bati agur esango dio Lekeitiok datorren irailaren 5eko Antzar Egunean. Izan ere, atzoko Udaleko Osoko Bilkuran EAJk eta EH Bilduk erabaki historikoa hartzea adostu zuten. Aurtengo San Antolin jaietatik aurrera “ez da antzar naturala erabiliko, Antzartek bakarrik erabiliz”. Gaur eguneko ohituretara egokitzeko pausoak ematearen aldeko izan ziren alderdi politiko biak, aho batez. Orain dela zortzi urte lehenengoz erabilitako polimerozko antzarrak –Gaiker zentro teknologikoaren asmakizuna izan zena– gero eta potin gehiagoren atxikimendua jaso du, koadrillen %65era helduz azkenengoz An-tzar Eguna ospatu zenean, orain dela bi urte.

“Erabaki hau hartzerakoan kontuan izan da jaien eta ohituren eboluzio naturala, izan ere Antzar jaiaren azken edizioetan argi ikusi da gero eta gehiago direla Antzartek” delako plastikozko animalia aukeratzen duten ontziak, “antzar natularen gainetik. Antzartek 2014. urtean erabili zen lehenengo aldiz eta, urtetik urtera, “bere erabilpenkopuruak gora egin” duela azpimarratu dute. 2018an parte hartzaileen %62ak polimerozko antzarra aukeratu zuen eta 2019an, Antzar jaia ospatu zen azken urtea, kopurua %65era arte igo zen. Koronabirusaren pandemiak bi urteko geldialdia eragin du, baina Lekeitio hasia da jada bere egun handirako prestaketa lanetan. “Gainera, antzar naturalak apurtu aurretik altzada kopuru txikia eskaintzen duen heinean, Antzartek sistemak altzada kopurua handitzea dakar, ikuskizun ederragoa eskainiz eta parte hartzaileentzako entretenigarriagoa eginez”.

Bestalde, gaur egun osasun arazo bilakatu den hegazti-gripeak ere erabaki hau hartzea motibatu du. “An-tzar naturala lortzea gero eta zailagoa da. Kontuan izan behar hegazti-gripearen ondorioz, neurriak asko gogortu zirela eta jada 2008. urtean Antzar jairako alternatiba bezala polimerozko antzarra erabiltzen hasteko proposamena egon zen. Urtetik urtera prototipoa sortzen eta hobetzen joan zen, 2014 urtean lehenengo aldiz, Gaiker enpresaren Antzartek erabiliz”.

Azken bi urteetako pandemiaren ondoren, aurten berriz ere, Antzar jaia ospatuko da eta, “eragile ezberdinak entzun ondoren eta jaien eboluzio natural bezala ulertuta”, Lekeitioko Udalak polimerozko antzarra bakarrik erabiltzea erabaki du. Hauxe izango da San Antolin jaietako berritasun nagusia. Portuak ere eraldaketa nabaria izan du, Antzar Eguna egiten zen espazioan mugi daitezkeen pantalanak ezarriz. “Froga guztiak egin ditugu orain dela gutxi eta dena joan da ondo”, dio Koldo Goitia alkateak.

Datozen egunotan segurtasun protokoloa zehazten joango direla aurreratu dute, “beti ere kontutan hartuta egun horretan udalerrira hurreratzen den jendetza eta beharrezko izaten diren neurriak”. Azkenik, “erabaki honen bidez jai eta ikuskizunetan ez dira animaliak erabiliko, San Antolin jaietan eta, zehazki Antzar jaian, aurrerapausoak ematen jarraituz”. l